Gizartea -
Koronabirusa
EAEko ostalaritzan ezarri dituzten neurri zehatzak
Besteak beste, taberna eta jatetxeek ezingo dituzte 6:00ak baino lehenago ireki, eta ezta 23:00ak baino beranduago itxi ere.
eitb.eus
Espainiako Estatu osoan ezarri duten alarma egoeraren ondoren, Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu du EAEn neurri zehatzak ezartzeko, tartean ostalaritzaren sektorerako.
(Eusko Jaurlaritzak dokumentu ofizial bat zabaldu du urriaren 28an, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren eta urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren inguruan sortutako zalantzak argitzen saiatzeko. Dokumentu horretan egiten dena interpretazioa bat da, eta ez du inola ere ordezten dagokion aldizkari ofizialean argitaratutako dekretuaren edukia)
Hala, hauek dira ostalaritzan ezarritako neurri zehatzak:
- Ostalaritza establezimenduek ezingo dituzte ateak 06:00ak baino lehenago ireki, eta 23:00etarako itxita egon beharko dira, eta bezeroak kanporatuta. Neurri hori asteko egun guztietan aplikatuko da, jaiegunetan barne.
- Ordutegi bera bete beharko dute apustu etxeetan ere, besteak beste.
- Ostalaritzako langileek establezimenduaren barrualdean lokala prestatzeko lanak egin ahal izango dituzte, bai 23:00ak ondoren eta baita 06:00ak aurretik ere. 23:00etatik aurrera ezingo da etxera banatzeko zerbitzurik bete, ez eta jasotzeko zerbitzurik ere.
- Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da eta edatean edo jatean bakarrik kendu ahalko da. Gainera, metro eta erdiko tartea zaindu beharko da. 1,5 metroko distantzia hori mahaietatik gertuen dauden pertsonen artean neurtuko da.
- Debekatuta egongo da barran kontsumitzea. Mahaian eserita kontsumitu behar da beti.
- Taberna bateko makinan jokatu ahal izateko aulkian eserita egon beharko da.
- Gehienezko edukiera % 50ekoa izango da, eta mahai baten inguruan ezingo dira 6 pertsona baino gehiago elkartu, ez barruan eta ezta kanpoan ere. % 50eko gehieneko edukiera ezingo da gainditu hoteletako gune komunei (jangela, kafetegia etab.) aplikatzen zaien 30 pertsonaren kopurua.
- Koktelak eta buffetak egin daitezke, gehienez ere 6 laguneko taldeetan.
- Ordutegi-mugak ez zaizkie aplikatuko erregaiak txikizka eta etengabeko zerbitzuan banatzen dituzten zerbitzuguneetako ostalaritza-zerbitzuei. Hala ere, ostalaritza-zerbitzuak garraio profesionaleko zerbitzuak ematen ari diren pertsonentzat soilik egongo dira zabalik. Zerbitzu horien artean, honako hauek egongo dira: sukaldea duten establezimenduetako catering-zerbitzuak (sukaldea irekita egon ahal izango da); ostalaritza-zerbitzuak; edo prestatutako janaria saltzeko makinak. Zerbitzu horietan ezin izango da alkoholdun edaririk saldu, eta ezin izango dute beste zerbitzurik eskaini aurreko puntuan adierazitako ordutegi-mugaren barruan; horrez gain, gehienez ere hamar laguneko edukiera izango dute.
- Dantzalekuak, gaueko aisialdiko lokalak, txokoak eta elkarte gastronomikoak itxita egon beharko dira.
- Udalerri mugakideetako jatetxeetara joan ahal izango da, jarduera soziekonomikoa dela ulertuta.
Zalantza guztiak Zuzenean herritarrentzako zerbitzuaren bidez bideratuko dira.