Gizartea -

Koronabirusa

Neurri murriztaile berriak, iraupena eta salbuespenak

Jaurlaritzak udalerriak itxi ditu, etxeratze-agindua ezarri du eta sei pertsonatik gorako taldeak galarazi ditu.

Ertzainak oinezko bati kargu hartzen Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Ertzainak oinezko bati kargu hartzen Donostian.
Zalantza ugari, neurriak indarrean sartu eta lehen egunean

1:18

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Aldizkari Ofizialak astearte honetan, hilak 27, argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak atzo iragarritako neurri murriztaileak. Neurriok alarma-egoera baliatuta eta koronabirusaren kutsatzeak gelditzeko asmoz hartu dituzte. Hauek dira neurriak eta salbuespenak:

1- Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatuta egongo da 23:00etatik 06:00etara. Hala ere, beharrezkoak diren jarduerak egiteko posible izango da kaletik ibiltzea.

Hauek aipatzen ditu zehazki dekretuak: sendagaiak, osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea; osasun-zentroetara joatea; albaitaritza-zentroetara joatea urgentziazko arrazoiengatik; laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea; ohiko bizilekura itzultzea, atal honetan aurreikusitako jarduera batzuk egin ondoren; adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea; gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan erregaia hartzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean, eta ezinbestekoa den edozein jarduera, betiere behar bezala egiaztatuta badago.

2- Euskal Autonomia Erkidegoko mugak itxita egongo dira. Salbuespenak izango dira eta beharrezkoak diren kasuetan posible izango da EAEko mugak zeharkatzea, besteak beste, osasun arreta jasotzeko, lanera joateko, ikasketengatik edo zaintza arrazoiengatik.

3- Udalerri guztietan sarrera-irteerak itxita egongo dira. Alabaina, udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimenduko da jarduera sozioekonomikoak egiteko (udalerri mugakidean egin ohi diren jarduerak, eta 2. artikuluan jaso diren salbuespenen artean ez daudenak, esaterako: supermerkatura joatea, tindategira, jatetxera edo haurtzaindegira joatea, eta gure udalerrian bertan egin ditzakegun baina, hurbiltasunagatik eta irisgarritasunagatik, udalerri mugakidean egitea komeni zaizkigun jarduera sozial eta/edo ekonomikoak, Jaurlaritzak gerora kaleratutako gidan jasotzen denez).

Udalerri mugakideetara joan ahalko gara, halaber, kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko, edota baimendutako kirol-lehiaketetarako beharrezkoak diren lekualdatzeak egiteko.

Aurreko bi kasuetan bezala, posible izango da udalerritik ateratzea, besteak beste, osasun arreta jasotzeko, lanera joateko, ikasketengatik edo zaintza arrazoiengatik.

4- Gehienez sei pertsona bildu ahalko dira taldean, eremu publikoan nahiz pribatuan. Bizikideak izatea izango da salbuespena eta kasu horretan ez da mugarik egongo.

Neurriok gaurko 06:00etan sartu dira indarrean. eta gutxienez 15 egunez egongo dira indarrean. Tarten horretan neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, betiere osasun egoeraren arabera.

Neurri espezifikoak

Neurri orokorrez gain, dekretuak hainbat neurri zehatz jasotzen ditu. Aurrena, maskararen erabilera derrigorrezkoa dela gogorarazten du, aurretik ebatzitakoari jarraiki.

Beilei eta ehorzketei dagokienez, gehienez 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta sei pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Dena dela, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren % 50. Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute aire librean, eta 10 leku itxian, betiere distantzia soziala mantenduta. Aire zabalean egiten diren merkatuetan ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen % 50 baino gehiago (postu arteko banaketa 1,5 metrokoa).

Ostalaritza Eremu gorrian zeuden herrietan ezarritako itxiera ordua (21:00) bertan behera geratu da, eta orokorra ezarri: tabernek eta jatetxeak, terrazek barne, 23:00ak baino lehen itxi beharko dute, barne hartuko da bezeroak ateratzea, 23:00etan zirkulazioa mugatu baino nahikoa lehenago. 06:00ak arte itxita egon beharko dira. Barran kontsumitzea debekatuta dago. Kontsumoa mahaian eserita egingo da beti. Gehienezko edukiera % 50koa izango da, eta mahai baten bueltan, gehienez sei pertsona bildu ahalko dira. Diskotekek eta txoko eta elkarte gastronomikoek zarratuta jarraituko dute. Joko eta apustu etxeei tabernei ezarritako neurri berak ezarriko zaizkie.

Kultura-jarduerak eta ikuskizunak baimenduta daude espazio itxietan, gehienezko edukiera % 50ekoa bada eta gehienez 400 pertsonarekin (aire librean, edukiera % 50ekoa izan behar da, gehienez 600 pertsona).

Taldeko kirol jarduera honako kasuetan bakarrik baimenduko da (bakarkakoa baimenduta dago): gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak, betiere maskara erabilita, bai eta lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak ere. Aire zabalean, banaka edo taldeka egin daiteke, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez ere sei pertsonako taldeetan. Eskola kirolari dagokionez, entrenamenduetan gehienez sei ume/nerabe izan ahalko dira. Profesionala edo erdi-profesionala ez den talde federatuen lehiaketak eta eskola kirolarenak bertan behera jarraitzen du.

Espazio itxietan zein aire zabalean egiten diren kirol lehiaketek, ekitaldiek eta kirol-ikuskizunek % 50eko gehienezko edukiera izango dute (gehienez 400 eta 600 pertsona, hurrenez hurren). Zehaztu beharra dago halakoetara udalerri horretan eta ondokoetan bizi direnak bakarrik joan ahalko direla. Hots, San Mameseko partidetara bilbotarrak eta ondoko herrietakoak bakarrik joan ahalko dira.

Garraio publikoari (taxiak eta ibilgailu gidariduneko garraioa salbu) abiatzeko azken ordu hau ezarriko zaio: 24:00ak. Horrez gain, gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira.

Haur-parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko lau metro koadro bakoitzeko pertsona bat.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera LABI