Gizartea -

Koronabirusa

Bizikide ez direnen arteko bilerak debekatu ditu Nafarroak esparru pribatuan

Nafarroak eutsi egin dio 23:00etatik 06:00etara deituta dagoen etxeratze-aginduari. Ospitaletan ere nabari da kutsatzeen gorakada: "401 pertsona daude; horietatik 50 zainketa intentsiboen unitatean.

Iruñea. Argazkia: EFE
Bizikide ez direnen arteko bilerak debekatu ditu Nafarroak esparru pribatuan
Nafarroan debekatuta egongo da etxe desberdinetako jendea biltzea

1:18

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak debekatu egin ditu bizikide ez direnen arteko bilerak esparru pribatuan, eta eutsi egin dio 23:00etatik 06:00etara Estatu espainiar osoan deituta dagoen etxeratze-aginduari.

Bizikide ez direnen arteko bilerak azaroaren 4ra arte egongo dira galarazita, baina, salbuespen gisa hartuko dituzte bakarrik bizi diren pertsonak, menpekotasuna dutenak eta adingabeak. Kasu horietan bisita bat jaso ahal izango dute.

Javier Remirez Foru Gobernuko presidenteordeak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak egin dituzte iragarpenok prentsaurrekoan.

Asteburu honetan, Nafarroak goia jo du. Larunbatean, 698 positibo zenbatu zituzten, eta, igandean, 500 (% 15,8ko positibotasun tasa).

Hala, aurretik hartutako neurriak (Nafarroaren itxiera perimetrala, ostalaritza establezimenduen itxiera eta sei pertsonatik gorako bileren debekua) gogoratu ostean, Santos Indurain Osasun kontseilariak ziurtatu du osasun egoera larria dela erkidegoan, eta "berehalako" neurriak behar dituztela.

"Gure nahia da sektore guztiak normaltasunera lehenbailehen itzultzea", esan du Javier Remirez presidenteordeak, ostalariekin izandako bilera bukatutakoan. Ildo berean gaineratu du 23:00etatik aurrera ezarritako etxeratze aginduak "polizien lana erraztu nahi duela", 22:00ak arte lan egiten dutela kontuan izanda.

Halaber, onartu du zaila dela lagun edo familiarteko hitzordu pribatuak kontrolatzea, baina kutsatze gehien eragiten dituzten bilerak direnez, "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin die herritarrei. "Ez dago irtenbide bakar bat; bai, ordea, ekintza plan bat kutsatzeen hedapenari aurre egiteko", adierazi du Osasun sailburuak, positiboen tasa murriztea lehentasun gisa ezarrita.

"Bai ala bai 500 kasutik gorako langa horrekin bukatu behar dugu, birusaren bilakaera okerrera egiten ari baita. Horregatik, hartu ditugu neurri berriok eta baheketen aldeko apustua", nabarmendu du.

Indurainen arabera, ospitaletan ere nabari da kutsatzeek izandako gorakada: "401 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 50 zainketa intentsiboen unitatean. Zenbaki horiek asko adierazten dute".

Horren aurrean, azpimarratu du azkenaldian ospitaleratzeak altak baino gehiago izaten ari direla, gaixoetako asko larri daudela argi utzita. Gainera, aste bakarrean 25 pertsona hil dira COVID-19ak jota, Nafarroan.

"Horregatik guztiagatik eten behar ditugu kutsatzeak, eta horretarako beharrezkoa da osasun sisteman baita neurriak hartzea, dela kontingentzia planak egokituta, dela behar beste langile kontratatuta", bukatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Koronabirusa