Gizartea -

Koronabirusa

Oxford garatzen ari den txertoak erantzun immunea sortzen du adinekoen artean

COVID-19aren aurkako txerto horren proba klinikoak 3. fasean daude, segurua den eta herritarrak gaixotasunetik babestuko ote dituen zehazki jakin aurrekoan.

Gripearen txertoa. Argazkia: Efe
Gripearen txertoa. Argazkia: Efe
Gripearen txertoa. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oxford unibertsitatea, AstraZeneca farmazia enpresarekin batera, garatzen ari den COVID-19aren aurkako txertoak erantzun immune handia sortzen du adinekoen artean, zaurgarrienak direnen artean hain zuzen ere, Financial Times-ek jakitera eman duenez.

Txerto horren proba klinikoak 3. fasean daude, segurua den eta herritarrak gaixotasunetik babestuko ote dituen zehazki jakin aurrekoan. Horren ostean erakunde arautzaileen oniritzia jaso beharko du masiboki zabaldu aurretik.

Ikerketaren berri duten iturrietan oinarrituta egunkari britainiarrak zabaldu duenez, txertoak antigorputzak eta T izeneko zelulak (zelula kutsatuak edo patogeno inbasoreak atzemateaz eta hiltzeaz arduratzen direnak) sortzen ditu adineko pertsonen artean.

Adina da COVID-19aren arrisku faktore nagusia, sistema immunologikoa ahuldu egiten delako denboraren poderioz, eta horregatik da herritar talde hori koronabirusaren aurrean babes handiena behar duena.

Financial Times-en arabera, ikertzaileak baikor dira txertoak adinekoen artean sortu duen erantzunarekin.

Azken aurkikuntzen xehetasunak aurki medikuntza aldizkariren batean argitaratzea espero dute, egunkariaren arabera.

Kontratua EBrekin

Abuztuan, Europar Batasunak kontratu bat sinatu zuen AstraZenecarekin txertoaren 300 milioi dosi eskuratzeko. Ondoren, txertoa estatu kideen biztanle kopuruaren arabera banatuko da.

EBk AstraZenecarekin egin duen akordioaz gain, Argentinako eta Mexikoko gobernuek, eta Slim fundazio mexikarrak, akordioa egin zuten farmazia enpresarekin eta Oxfordekin txertoa herrialde horietan eta Hego Amerika osoan banatzeko, Brasilen izan ezik.

Erresuma Batuaz gain, proba klinikoak egiten ari dira AEBetan, Brasilen eta Hegoafrikan ere.

Proba klinikoak

Probetan arazoak ere sortu dira. Irailean, berriro jarri zituzten martxan Oxfordenak boluntario batek osasun arazoak agertzeagatik bertan behera utzi ostean.

Gainera, Brasilen duela gutxi boluntario bat hil da; baina xehetasun handirik zabaldu ez badute ere, boluntario horrek plazeboa jaso omen zuen, ez txertoa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua bideoak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak egutegia Koronabirusa Industria farmazeutikoa