Gizartea -
KORONABIRUSA
Chivite: "Alarma dekretua baliagarria da eta bat dator Nafarroak eskatutakoarekin"
Indarrean jarraituko dute Foru Erkidegoak onarturiko murrizketek, eta bihar aztertuko da zer ordutegi ezarriko den gauez mugikortasuna mugatzeko. Gaur, 23:00etan hasiko da etxeratzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Chivite Nafarroako presidenteak uste du Espainiako Ministro Kontseiluak gaur onarturiko alarma egoera "baliagarria" dela "birusaren kontrako eta herritarren osasunaren aldeko borrokan", eta "bat datorrela" Nafarroak ostiralean eskatu zuenarekin.
Chivitek adierazi duenez, "dekretuan jasotako hainbat neurri jada indarrean daude Nafarroan duela egun batzuetatik" eta horrek adierazten du Nafarroa "zuzen" aritu dela, "osasun irizpide teknikoetan oinarrituta, eta justiziaren babesarekin, erabakiak aurrez hartzen".
Nafarroa perimetralki ixtea eta bilerak, bai arlo pribatuan bai publikoan, 6 pertsonara mugatzea aipatu ditu dekretuarekin bat egiten duten neurrien adibide gisa. Ostegunetik daude neurri horiek indarrean Foru Erkidegoan.
Nafarroako Gobernuaren azken agindu foralean jakinarazitako mugek indarrean jarraitzen dutela gogorarazi du presidenteak eta gaur, Espainiako Gobernuak agindu bezala, etxeratze agindua 23:00etan hasiko den arren, bihar erabakiko dutela ea ordutegi hori mantentzen duten edo moldatzen duten; baita beste edozein neurri gehitzen duten ere.