Gizartea -
Koronabirusa
13 eta 40 urte arteko zumaiarrei PCR probak egiten hasiko zaizkie astelehen honetan
Astelehenetik asteazkenera egingo dute baheketa. PCR probak egiteko tokia Gipuzkoako udalerriko Aitzuri frontoian jarriko du Osakidetzak.
Agentziak | Erredakzioa
13 eta 40 urte bitarteko Zumaiako (Gipuzkoa) bizilagunei PCR probak egiteko eskatu die Osakidetzak, bihartik aurrera, astelehenarekin, azken egunetan COVID-19 kasuak igo egin baitira udalerrian.
Ezagutzera eman dutenaren arabera, PCR probak egiteko tokia Aitzuri frontoian jarriko dute astelehenetik aurrera, hilak 26, 15:30etik 19:30era, eta asteartean eta asteazkenean luzatuko egingo dute, 8:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era.
PCR proba egin nahi duten hezkuntza zentroetako ikasleek ez dute hitzordua eskatu behar, ikastetxeetako zuzendariak arduratuko direlako hori antolatzeaz. Gainontzeko herritarrek hitzordua eskatu beharko dute osasun zentroan (943 00 64 90) edo Osasun Aholkuan (900 20 30 50). Bihar 8:00etatik aurrera emango dira hitzorduak.
Osakidetzak azaldu duenez, PCRa egin eta emaitza jakin arte, komenigarria da harreman sozialik ez izatea, musukoa erabiltzea eta segurtasun distantzia gordetzea.
72 ordu baino gutxiagoko epean emango dira emaitzak, SMS bidez, positiboa zein negatiboa izan. Positiboa izatekotan, gainera, telefono bidez deituko da.
Era berean, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarrei gogorarazi diete COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero (sukarra, eztarriko mina, arnasteko arazoak edo usaimenaren galera), etxean isolatu behar direla eta osasun zentrora deitu behar dutela.