Gizartea -

KORONABIRUSA

Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak, eta maiatzaren 9ra arte luzatu nahi du

Diputatuen Kongresuaren babesa beharko du Sanchezek sei hilabetez luzatzeko. Etxeratze agindua derrigorrezkoa izango da gauez, eta autonomia erkidegoek ordutegia moldatu ahalko dute.

Pedro Sanchez, agerraldi telematikoan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, agerraldi telematikoan.
Espainiar Estatua, alarma egoeran jadanik

1:47

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alarma egoera berria ezarri du Espainiako Gobernuak hurrengo 15 egunetarako, ministroen ezohiko bilera batean, igandean. Exekutiboaren asmoa sei hilabetez luzatzea da, Pedro Sanchez presidenteak iragarri duenez. Horretarako, Diputatuen Kongresuaren babesa beharko du.

Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute dekretua, eta berehala sartu da indarrean. Espainiako lurralde osoan, baina horrek ez du zertan konfinamendu berri bat ekarri. Bere helburu nagusia da autonomia erkidegoek hartutako eta auzitegiek atzera botatako zenbait neurriri babes juridikoa ematea; etxeratze agindua eta bilerak egiteko murrizketak, esaterako.

Etxeratze agindua derrigorrezkoa izango da 23:00etatik 6:00etara. Dekretuak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei hasteko edo bukatzeko momentua ordu bat aurreratzeko edo atzeratzeko. Horrela, exekutibo autonomikoek erabaki lezakete kalean ibiltzeko debekua 22:00etan edo 00:00etan hastea, eta 5:00etan edo 7:00etan bukatzea.

Zenbait kasutan ordu horren atean kalean ibili ahalko da, esaterako, medikamenduak erosteko, lanera joateko, etxera itzultzeko edo adinekoak zein adin txikikoak zaintzeko.

Etxeratze agindua ez da Kanarietan aplikatuko, egoera epidemiologiko hobea duelako.

Bilerei dagokienez, dekretuak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei horiek gehienez 6 pertsonara murrizteko, toki publikoetan zein pribatuetan.

Alarma egoera berriak ez du autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna murriztuko. Hori exekutibo autonomikoen esku geratuko da. Itxiera perimetralak ezarri ahalko dituzte.

Maiatzaren 9ra arte

Diputatuen Kongresuak aste honetan ekingo dio alarma egoera berriaren luzapenari buruzko eztabaidari. Gobernuaren asmoa sei hilabetez luzatzea da, maiatzaren 9ra arte, eta horrela neurriak ezartzeko "marko egonkorra" lortu. Sanchezen arabera, hori da bigarren olatua eta pandemiaren ondorioak geldiarazteko beharrezko denbora.

Iragarri duenez, alarma egoera indarrean dagoen tartean, Osasun ministroak Diputatuen Kongresuan hitz egingo du, 15 egunean behin. Presidenteak esan duenez, espero du autonomia erkidegoetako presidenteak gauza bera egitea.

Era berean, alarma egoera "berehala" bertan behera geratuko dela "lehenago larrialditik guztiz ateratzen bagara".

Beraz, Sanchezek luzapenaren alde bozkatzeko eskatu die talde parlamentario guztiei, "babes izugarria" lortze aldera.

Autonomia erkidegoak, agintean

Autonomia erkidegoetako presidenteak izango dute alarma egoera kudeatzeko ardura, lehen olatuan ezarritakoan ez bezala. Momentu horretan Espainiako Gobernuko presidenteak izan zuen.

Hala ere, bilerak egingo dituzte autonomia erkidego guztiek eta Osasun Ministerioak.

Azken egunotan, hamaika erkidegok —PPk gobernatutakoek ez— eskatu diote Sanchezi alarma egoera ezartzea, tartean, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak. Neurri murriztaileak ezarri ahal izateko babes juridikoa nahi dute tokian tokiko buruzagiek, batez ere, mugikortasunarekin lotutako neurriak hartzeko.

EAJren, talde independentisten eta Ciudadanosen babesa lortuta, alarma egoera ezartzeko arazorik ez du izango Espainiako Gobernuak. Babesak lortuta dituen arren, legediaren arabera, alarma egoera ezartzeko ez du Kongresuaren gehiengoaren oniritzia behar Sanchezek; hori bai, alarma egoera, indarrean sartzen denetik, 15 egun baino gehiago luzatzea nahiko balu, orduan bai beharko luke gehiengoaren aldeko botoa. Horregatik, joan den ostiralean, Salvador Illa Osasun ministroak Alderdi Popularrari eskatu zion alarma egoeraren luzapenaren alde egin dezala, hala beharko balitz.

Plan bateratua

Erkidegoetako eta Espainiako Gobernuko osasun agintariek bilera egin zuten joan den ostegunean, eta, besteak beste, pandemiaren bigarren olatuari aurre egiteko plan bateratua adostu zuten.

Egoeraren arabera, lau alerta maila ezartzea erabaki zuten, eta horretarako, lurralde bat maila batean edo bestean kokatzeko irizpideak jaso zituzten planean. Erkidego guztiak koordinatuta aritzea da helburua, baina, edonola ere, bakoitzak bere neurriak hartzeko eskumena izango du.

Martxoan lehen aldiz ezarritako alarma egoera udan, babes ezagatik, bertan behera geratu eta gero, kogobernantza estrategiaren alde egitea erabaki zuen Sanchezek, erkidego bakoitzak bere kudeaketa egiteko ahalmena izan zezan, betiere, Osasun Ministerioarekin elkarlanean.

Abuztuaren amaiera aldera, egoeraren larritasunaren aurrean, alarma egoera lurraldeka eskatzeko aukera ere jarri zuen mahai gainean Espainiako presidenteak, erkidegoei aterki juridikoa emateko, neurriak hartzerako orduan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Nafarroako albisteak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainiako Gobernua Espainia bideoak Gaixotasunak argazkiak Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak María Chivite Koronabirusa Alarma egoera Munduko Osasun Erakundea