Gizartea -

Ordu aldaketa

Ordu aldaketaren azken orduak?

Europar Batasunak Estatuei eskatu die neguko ordutegian ala udakoan geratzeko, ordutegi aldaketa gehiago egon ez dadin. Zer gertatuko da Euskal Herrian?

Argazkia: Andrey Grushnikov/Pexels.
Argazkia: Andrey Grushnikov/Pexels.
Argazkia: Andrey Grushnikov/Pexels.

Mikel Dominguez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur gauean, urriko azken igandero bezala, 03:00etan 02:00ak izango dira. Udako ordutegia atzean utziko dugu berriz neguko ordutegian sartzeko. Azken hilabeteetan baino ordu bat lehenago biziko gara: goizago irtengo eta aterako da Eguzkia. Azken aldaketa izango ote da?

Euskal Herriko lurralde osoa, Espainia penintsular eta Frantzia kontinental ia osoak bezala, Greenwich meridianoaren ordu-eremuan (GMT 0) kokatuta dago. Hala ere, gure ordu-eremua Europa Erdialdekoa (GMT +1) da, eta gainera, udaro erlojuak aldatzen ditugu, ordu bat gehiago urruntzeko (GMT +2).

Eta zergatik aldatzen ditugu erlojuak martxotik urrira bitartean? Eguzki ordu gehiago erabiltzeko sortutako ordu aldaketa da. Lehen Mundu Gerran hasi zen erabiltzen, Adrian Diez Errioxako Unibertsitateko eta UNEDeko Geografia irakasleak azaltzen duenez, "udaberrian eta udan fabriketako ekoizpena ordubete gehiago luzatzeko helburuarekin, horrela argi orduak arratsaldean luzatuko direlako". Neurri hau ez zen modu uniformean aplikatu XX. Mendean zehar. 80. Hamarkadan, Europar Batasunak arautu egin zuen, eta gaur egun Estatu gehienetan aldatzen dira erlojuak udan.

Jose Manuel Borque Energiaren Euskal Erakundearen Efizientzia Arloko arduradunak azaldu duenez, udako ordutegia "elektrizitatea eta argiztapen artifizialean kontsumoa aurrezteko, leihoak dituzten eraikinetan, bulegoetan, ikastetxeetan, etxebizitzetan, edo kalean egiten diren lanetan, argi naturaleko orduak aprobetxatzeko".

"Ikerketek adierazi dute ez dela lehen uste zuten bezainbeste aurrezten"

Baina, aurrerapen teknologikoen ondorioz, aurrezte hori zalantzazkoa da gaur egun. Diez irakaslearen arabera, Europan eta AEBn egindako ikerketek "ez dute energia aurrezten denik ukatzen", baina esaten dute hori "gutxienekoa" dela, "are gehiago energia kontsumo baxuari eta eraikinei aplikatutako garapen teknologikoa kontuan hartuta, esaterako". "Zenbait ikerketen arabera, pertsonako 50 zentimo aurrezten dira urtean, eta besteen arabera, 6 euro", azaldu du Diezek.

Borqueren arabera, "teorian aurrezte potentzial bat egon arren, egin berri diren ikerketek adierazi dute ez dela lehen uste zuten bezainbeste aurrezten, eta neurri handi batean bakoitzaren kontsumo ohituraren araberakoa da. Beste sektoreetan, industrian eta garraioan, esaterako, hutsaren hurrengoa da aurrezten dena".

Ordu-eremuak

Garai batean, hiri handi bakoitzak bere ordua zuen. 1884an gaur egunera arte heldu zaigun sistema ezarri zen: mundua 24 ordu-eremutan banandu zen. Espainiak zein Frantziak zegokien eremuan jarri zituzten erlojuak: GMT 0.

Gauzak Espainiako gerra zibilaren ostean aldatu ziren. Diez irakasleak azaldu duenez, “1940an, Espainiako ordutegia Europakoarekin bat egin zezan, ordu bat aurreratzea adostu zen, gaur egungo Berlingo edo Europa Erdialdeko ordutegira (CET, GMT +2) igaroz. Greenwich meridianoak zehartzen dituen beste herrialde batzuetan, Frantzian edo Erresuma Batuan, esaterako, gauza bera gertatu zen. Behin behineko erabakia zena betirako geratu zen Espainian eta Frantzian; “Erresuma Batua GMT 0 ordu-eremura itzuli zen”.

Argazkia: Pixabay

Zer eragin dauka gaur egun arratsaldez eguzki ordu bat gehiago izateak? Batez ere, aisialdiari eragiten dio, eta horrek, ekonomiari. Diezen ustetan, "argi orduak egunaren azken txanpan luzatzeak aisialdirako denbora gehiago sortzen du, sektore horretako datuak hobetuz. Baina aktibitate horietako kontsumo energetikoa egunaren bukaeran ere kontuan izan behar dugu, desplazamenduetan zein establezimenduetan; horrek ustezko aurrezte energetiko hori murriztu lezake ordu aldaketagatik, baita kontsumoa gehiago igo ere”.

Arlo ekonomikoan iritzi desberdinak daude, baina argi dago udetako arratsaldeko ordu estra hori aisialdian gastatzen dugula, eta horrek gure osasunean ere ondorioak ditu. Gure ordutegiak, edozein kasutan, gure bizi eredua baldintzatzen du, eta kontinentean zehar aldatuz doa.

"Ez litzateke izango errazagoa betiko eguzki ordu berean jaikitzea, baina erlojua begiratzean ordubete lehenago izatea?"

"Gure ordu eremu bera duten auzokide europarrak baino beranduago esnatzen eta oheratzen gara", azaldu du Diezek. Izan ere, beranduago ateratzen eta sartzen da Eguzkia. "Hemen lanera 8:00etan sartzen bagara", ekialderago dauden Europako herrialdeetan "gutxi gorabehera ordubete lehenago egin dute". Eta gauza bera gertatzen da egunaren bukaeran. "Ez goaz bat, eta arrazoia sinplea da: ordu eremu berean gaude guztiok, baina askoz mendebalderago gaude gu", azaldu du.

Desfase horrek produktibitatean ere badu eragina. "Beste europarrek jardunaldi intentsiboak egiteko eta bizitza familiarra modu errazago batean kontziliatzeko aukera dute, behintzat teorian, lana goizetan bildu dezakete, gu baino lehenago esnatuta. Ez litzateke izango errazagoa betiko eguzki ordu berean jaikitzea, baina erlojua begiratzean ordubete lehenago izatea?", galdetu du Diezek.

Nahiago dugu arratsaldez ordu bat gehiago izatea aisialdirako? Gure adoreari mesede egin diezaioke. Edo gusturago gaude goizetan argi ordu bat gehiago izanda? Horrek kontziliazioari eta loaldiari lagundu diezaieke.

Bukatu da ordu aldaketa

Gauzak desberdinak izan litezke 2021etik aurrera. Martxoko aldaketa azkena izan liteke zenbait herrialdetan, eta urrikoa, urtebete barru, azkena neguko ordutegian geratzea hautatzen duten herrialdeetan. Horrela ezarri zuen Europako Parlamentuak, Europako Batzordeari eta Estatuei koordinatzeko eskatuz. Herrialde bakoitzak bere ordutegiarekin zer egingo duen erabaki beharko du. Prozesua, baina, erabat geldituta dago.

"Ordutegi bat edo bestea hautatzeko izan litezkeen irizpide desberdinak herrialde bakoitzari zaizkion faktoreen araberakoak izango dira: klima, kokapen geografikoa, ohiturak, aktibitate ekonomiko garrantzitsuenak…", azaldu du Borquek. Azken finean, erabaki "partikularra" izango da, "oso desberdina" Estatu batetik bestera.

Gaur egun hiru ordu  eremu daude Europar Batasunean, eta desfase handiena gurea da. Ikusteko dago Estatu bakoitzak hartuko duen erabakia, baina emaitza ordutegi pilo batek osatutako mapa bat izan liteke. Hori ere ez litzateke zertan arazo bat izan. Diez irakaslea "erlojuak eta eguzki ordua bat etortzearen" aldekoa da, "beti muga batzuekin koherenteak eta praktikoak izanda. Askotan hitz egin da Galiziako ordutegia GMT 0ra aldatzeari buruz, eta egia da oso mendebaldean dagoela Espainia eta Europarekiko, baina uste dut egokiagoa izango litzatekeela Penintsula osoko ordutegia aldatzea, eguzki orduarekin bat etortzeko", hau da, GMT 0ra itzultzea.

Husos horarios. Foto: Wikipedia

Munduko ordu eremuak. Irudia: Wikipedia

Galizia da aldea gehien nabaritzen duen autonomia erkidegoa. BNGk Galiziarentzako ordu eremua eskatu du askotan, Portugalen longitude berean dagoen arren, ordu bat beranduago bizi delako. Espainiar estatuak erabakiko balu udako ordutegia urte osora luzatzea, abenduan galiziarrek ez lukete Eguzkia ikusiko 10:00ak arte.

Orain Estatuen txanda da. Borquek zalantza laburbildu du: "Europak herrialde bakoitzari utziko dio erabakia, zaila delako. Eztabaidatu eta hausnartu beharko dute, adituen artean, gai asko kontuan hartuta".

Zer egingo dute Espainiar eta Frantziar Estatuek? Udako ordutegian geratuko dira, bi orduko desfasean jarraituz? Neguko ordutegira itzuliko dira, alde hori ordu bat gutxituz? GMT 0 eremura itzultzea pentsatu al dute, Londresko ordutegia hartuz? Espainiar Gobernuak iragarri zuenez, ez du ordu eremua aldatzeko asmorik, baina oraindik ez du "behin betiko erabakirik" hartu urtaroko aldaketei buruz.

Gerta liteke bi Estatuek kontrako erabakiak hartzea. Erlojua aldatu beharko ote dugu Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga zeharkatzen dugun bakoitzean? Dena erabakitzeko dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ordu aldaketa