Gizartea -
Koronabirusa
PCRa egiteko deia egin diete Ermuko eta Mallabiko 13 eta 40 urte arteko herritarrei
Astelehen honetatik aurrera egingo dituzte probak Ermuko Arizmendi frontoian.
agentziak | erredakzioa
Osakidetzak eta Osasun Sailak, COVID-19aren pandemia kontrolatzeko eta zaintzeko lanen baitan, datorren astelehenetik aurrera PCR proba egiteko deia egin die Ermuko eta Mallabiko 13 eta 40 urte arteko herritarrei.
Ermua kolore gorriz dagoen udalerri bizkaitarretako bat da, Abadiñorekin, Durangorekin, Elorriorekin, Lekeitiorekin eta Ortuellarekin batera. Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten herriak dira horiek.
Osakidetzak jakinarazi duenez, PCR probak Ermuko Arizmendi frontoian egingo dira datorren astelehenetik, urriaren 26tik, aurrera, eta gehienez ostegunera arte luzatuko dira, urriaren 29ra arte. PCRak 13:00etik 20:00etara egingo dituzte.
Proba egiteko beharrezkoa da hitzordua eskatzea 943 03 26 44 telefonoan edo Osasun Kontseiluarenean: 900 20 30 50. Larunbat honetan, urriaren 22an, hasiko dira hitzorduak ematen, 09:00etatik 21:00etara, eta emaitzak SMS bidez jakinaraziko dituzte.
Osakidetzak gogorarazi duenez, PCRa egin eta emaitza jakin arte, komeni da harreman sozialeko jarduerarik ez egitea, eta segurtasun neurriak zorrotz betetzea.
Probaren emaitza 72 orduko epean jasoko du herritarrak, SMS bidez, positiboen eta negatiboen kasuan (telefonoa eman beharra dago hitzordua eskatzen denean). Positibo izanez gero, telefonoz deituko dute. PCRa egin eta 72 orduko epean erantzunik jasotzen ez bada, deitu egin behar da osasun zentrora.