Gizartea -
Koronabirusa
EAEko herritarren % 48k kontrol eta isolamendu neurri zorrotzagoak nahi dituzte
Herritarren % 35en egoera ekonomikoak okerrera egin du pandemiaren eraginez, eta % 25ek uste dute etxeko lanetan areagotu egin dela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusaren pandemiaren aurrean, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren erdiak bat datoz kontrol eta isolamendu neurri zorrotzagoak ezartzearekin, eta herritarren % 70ek begi onez jo dute Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko kudeaketa partekatua, Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako ikerketaren arabera.
Horretarako, 1.430 pertsona galdekatu dituzte, telefono bidez, 2020ko urriaren 13a eta 17a bitartean.
Esan bezala, hamar lagunetik zazpik uste dute "egokiagoa" litzatekeela bi gobernuen arteko kudeaketa partekatua. % 17k, baina, nahiago dute Jaurlaritzak hartzea agindua, eta % 3k soilik egin dute Espainiako Gobernuaren alde horretan.
Hartu beharreko neurriei dagokienez, % 48k murrizketa zorrotzagoak nahi ditu; % 45ek, aldiz, nahikoa dute orain arteko neurriekin.
Txertoa
Gehienak txertoa jartzearen aldekoak badira ere, zuhurtziaz jokatu nahi dute. Bitik batek (% 47k) txertoa jartzeko asmoa erakutsi du, segurua eta eraginkorra bada. Horretarako, ordea, beste pertsona batzuengan txertoak izan dituen ondorioen berri izan nahi dute aurretik.
Herritarren % 30ek lehenbailehen nahi dute txertoa, eta % 20k ez dute txertatzerik nahi. Arrazoien artean dute, besteak beste, txertoaren segurtasunari buruzko zalantzak. Txertorik nahi ez dutenen % 15ek (herritar guztien % 3k) uste dute txertoak orokorrean kaltegarriak direla.
Birusak ekonomian izan duen eragina
Galdekatuen % 35en egoera ekonomikoak okerrera egin du, martxoaz geroztik. % 32ren iritziz, urtebete barru are okerragoa izango da egoera ekonomikoa. Kontrara, % 47k pentsatzen dute bere horretan geratuko dela, eta % 13k hobera egingo duela.
Ohiturei buruz galdetuta, bidaiak asko aldatuko direla esan dute herritarren % 33k, lan egiteko moduan eragina izango duela uste dute galdetutakoen % 29k, harremanak ez dira lehengora bueltatuko % 29ren iritzian, eta kontziliazioan ondorioak ekarriko ditu, herritarren % 26ren aburuz.
Kontziliazioa
EAEko herritarren % 25en ustez, pandemian zehar, etxeko lanetan eta zaintzan areagotu egin da emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna; % 53ren aburuz, ez da batere aldatu, eta % 10en iritziz, murriztu egin da.
16 urtez azpiko seme-alabak dituztenen % 47ren esanetan, zailagoa da orain kontziliazioa, baita menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenen % 31ren iritzian.