Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEk positiboen marka hautsi du, 1.207 kasurekin, eta Nafarroan 469 kasu izan dira

Ostegun honetan, 14.144 PCR proba egin dituzte Euskadin eta 3.717 Nafarroan. Positiboen portzentajea % 8,5era igo da EAEn eta % 12,6ra jaitsi da Foru Erkidegoan.

Baheketa Ordizia eta Zaldibian. Argazkia: EFE
Baheketa Ordizia eta Zaldibian
Ospitaleetan presioa handitzen ari da eta gune berriak irekitzen hasi dira

1:33

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik 1.000 kutsatze baino gehiago atzeman ditu berriro ere, azken orduetan 1.207 izan baitira, bezperan baino 174 gehiago, eta orotara 14.144 PCR proba egin dira. Beraz, positiboen portzentajea % 7,7tik % 8,5era igo da. Kopuru hori ez zen abuztuaren erdialdetik jasotzen, bigarren olatu pandemikoak goia jo zuenetik.

Osasun Sailak osteguneko pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eguneratu ditu, Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketa berriak indarrean sartzen diren egunean. Murrizketa horien arten dago 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kutsaduratik gora pilatu dituzten 25 udalerrietatik ez ateratzeko eta sartzeko gomendioa, eta ez debekua.

Bizkaia da kutsatze berri gehien izan dituen lurraldea, 561, aurreko eguneko 423 positiboen gainetik. Gipuzkoan 545 positibo berri atzeman dituzte, eta aurreko jardunaldian 503, eta Araban 87, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Beste 11 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie, asteazkeneko berberak.

Azken orduetan EAEko beste hiru udalerri, Gipuzkoako bi (Arrasaten eta Bergaran) eta Bizkaiko bat (Ortuellan), sartu dira kutsatze adierazle txar horiek dituzten herrien zerrendan.

EAEko ospitaleetan, areagotu egin da presioa. Ospitaleratutako pazienteak 408 dira dagoeneko, aurreko egunean baino zazpi gehiago. Aurreko egunean 57 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten, egun bat lehenago baino sei gehiago. 69 paziente daude zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin, asteazkenean baino zazpi gehiago.

Halaber, kasu positiboen tasa metatua 14 egunetan handitu egin da autonomia erkidegoan, 452,51koa baita, aurreko eguneko 418,28tik gora. Gipuzkoan, gehien astindutako lurraldean, 600eko muga gainditu da, 626,33an baitago; ostegunean, berriz, 576,9koa zen.

Oinarrizko ugalketa-indizeari dagokionez (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen neurtzen duena, 1,27koa da (atzo baino ehunen bat gehiago). Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoan alarma egoera ezartzea eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.

EAEko egoitzak

Bizkaiko adinekoen egoitzetako hiru erabiltzaile hil dira azken 48 orduetan COVID-19arekin; pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 79 pertsona hil dira, eta baieztatutako positibo kopurua 112ra igo da; aurreko balantzean baino 26 kasu gehiago atzeman dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, ostegunean, urriak 22, jardunaldia ixtean, Bizkaiko Lurralde Historikoan adineko pertsonentzako baimendutako 155 egoitzako sarean 65 erabiltzailek zuten koronabirusa (aurreko balantzean baino 20 gehiagok), eta 10 ospitaleratuta zeuden, duela 48 ordu baino bi gehiago.

Bergarako Mizpirualde zentroko adineko bat hil da, eta dagoeneko pandemiaren bigarren olatuan 34 pertsona hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.

Gipuzkoako Aldundiak jakitera eman duenez, azken orduetan pertsona bat hil da, zortzi adineko sendatu dira, eta bederatzik positibo eman dute, horietako bi Zumarragako Argixao zentroan eta zazpi Donostiako Lamourous egoitzan.

Gipuzkoako egoitzetan, 73 kasu aktibo dira zortzi zentrotan: Hernaniko Santa Maria Magdalena (2), Bergarako Mizpirualde (4), Zumarragako Argixao (10) eta Donostiako Alai-Etxe (26), La Paz (1), Berra (9), Lamourous (20) eta Hermano Garate-San Ignacio (1).

Itxitako ikasgelak % 10 jaitsi dira

Koronabirus infekzioengatik itxitako ikasgelen kopurua % 10 baino gehiago jaitsi da aste honetan; izan ere, astelehenean 115 izan ziren eta ostiralean 103.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, ostiral eguerdira arte 75 ikastetxek zuten ikasgelaren bat itxitia, eta astelehenean, berriz, 83k. Erkidegoetako ikastetxe batek ere ez du jarduera erabat eten behar izan.

Eskola-aste honen amaieran, Euskadin dauden 17.554 gelen % 0,59k jasan dute COVID-19aren eragina.

Nafarroak 469 kasu berri erregistratu ditu

Bi pertsona hil dira azken orduetan COVID-19aren ondorioz Nafarroako Foru Erkidegoan, eta positibo kopuruak behera egin du (469), atzo marka hautsi (593) ondoren, Nafarroako Gobernuak aurreratu dituen datuen arabera.

3.717 proba egin dituzte ostegun honetan, PCR eta antigeno probak zenbatuta, eta positibo tasa % 12,6koa da.

Gaur egun, 369 pertsona daude ospitaleratuta osasun-zentroetan, hau da, atzo baino 39 gehiago; horietatik 43 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, bat gutxiago, eta, beraz, egoera "kezkagarria" da Santos Indurain Osasun kontseilariaren hitzetan.

Nafarroako Foru Erkidegoak COVID-19aren kasuen marka hautsi zuen atzo (osteguna), 593 kasu atzeman baitzituzten asteazkenean. 3.651 proba egin zituzten, PCR eta antigeno probak zenbatuta, eta positibo tasa % 16,2koa izan zen.

Adinekoen egoitzen egoera

Nafarroako adinekoentzako egoitzetan 111 kasu positibo zenbatu dituzte, duela astebete baino 58 gutxiago, Foru Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuak ostegunean emandako datuen arabera. 158 alta epidemiologiko daude, duela zazpi egun baino 74 gehiago. Desgaitasun-zentroetan 30 kasu aktibo daude, duela astebete erregistratutako 10en aldean.

Adinekoen egoitzetatik, 11 pertsona ospitaleratuta daude. 46 pertsonak sintomak dituzte beren zentroetan, eta 40 pertsona sintomarik gabe daude. Iruñean eta San Adrianen 14 pertsona daude.

Langileen bajen kopurua joan den ostegunekoaren berdina da, 58 pertsonak positibo eman baitute: 42 positibo sintomatikoak eta 16 sintomarik gabekoak.

Uztailaren 1etik 43 adineko hil dira egoitzetan, 29 ospitaleetan eta 14 egoitzan bertan.

Bestalde, Nafarroako 17 ikastetxetako 382 ikasle konfinatu dituzte azken 24 orduetan. Horiekin, Haur eta Lehen Hezkuntzako 2.154 ikasle bakartuta daude berrogeialdian beren etxeetan. Bi hezkuntza-zikloetako ikasle guztien % 3,47 dira. 104 bizikidetza-talde egonkor daude gaur egun beren etxeetan isolatuta.

Espainia

19.851 positibo berri jakinarazi dizkiote erkidegoek Osasun Ministerioari ostiral honetan, 8.293 azken orduetan. Ostegunean 7.953 kasu diagnostikatu zituzten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Nafarroa Tutera Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Tafalla Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Lizarra Barañain Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea