Gizartea -
ELKARRIZKETA
Sagardui: "Irmoagoak izan nahiko genuke: garrantzitsuena neurriak betetzea da"
Eusko Jaurlaritzaren gomendioak betetzeko erregutu die Osasun sailburuak herritarrei. Etxeratze-aginduaren inguruan, berriz, Espainiako Osasun ministroaren proposamenaren zain daudela adierazi du.
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Koronabirusaren hedatzea moteltzeko helburuz, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak betearaztea erregutu die Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak herritarrei. "Zuhurtzia. Mesedez, bete neurriak", azpimarratu du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, ospakizunak atzeratzeko eta bilera sozialak gertuko zirkuluetara mugatzea eskatu du. Ate joka dauden Gabonei begira, ospakizunak gutxitzea aldarrikatu du. "Ez dira ohiko Gabonak izango", gaineratu du.
Etxeratze-aginduari dagokionez, Eusko Jaurlaritza Salvador Illa Espainiako Osasun ministroaren proposamenaren zain dagoela erantzun du. Halaber, Eusko Jaurlaritzak alarma egoera ezartzea eskatuko duen galdetuta, gauzak ez direla "hain errazak" azaldu du.
Osasun sailburuak ezin du ulertu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez onartzea Eusko Jaurlaritzaren proposamena eta beste autonomia erkidegoetako epaitegiek, ostera, bai. Sagarduiren esanetan, arazoa ostalaritza baino, jendearen "ohiturak" dira. "Ostalariek neurriak har ditzakete, baina bezeroek betetzen ez badituzte, ezin da birusa saihestu", gaineratu du. Ildo horretan, sektore bakar bat ere ez estigmatizatzea galdegin du.