Gizartea -
Koronabirusa
Urkullu: "Alarma ez den neurri orori atea itxi dio Justizia Auzitegi Nagusiak"
Lehendakariak aurreratu du arratsaldeko bileran egoera sakon aztertuko dutela, eta COVID-19ari aurre egiteko neurri berriak proposatuko dituela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du "alarma egoerarik ezean" EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak edozein neurri gaitzetsiko duela, auzitegi horrek ostegun honetan sei pertsonatik gorako bileren harira hartutako erabakia hizpide.
Sare sozialen bidez, honela mintzatu da lehendakaria ebazpen horri buruz: "Erabakia errespetatu eta onartuko dut, baina ez nator bat horrekin, are gutxiago Fiskaltzak aurretik emandako epaia aintzat hartuta. Izan ere, Fiskaltzak argi utzi zuen COVID-19aren pandemiaren hedapena gelditzeko "proportzionala eta zentzuzkoa" zela sei lagunetik gorako bilerak debekatzea.
Justiziaren jarrera ikusita, gomendioak ematera mugatu beharko direla esan du Urkulluk. "Espero dut orain euskal gizarteak errazago ulertzea zergatik jo dugun Auzitegi Nagusira neurriak argitaratu baino lehen", adierazi du.
Edozein modutan, "ondo legoke herritarrek boluntarioki gisa horretako neurriak hartzea". Ildo horretan, Urkulluk iragarri du egoera aztertzen eta koronabirusaren aurkako neurriak proposatzen jarraituko duela Jaurlaritzak.
Halaber, gogora ekarri du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia une latz batean heldu dela, "kasu positiboek igoera nabarmena izan baitute gaurkoan". Horren aurrean, "irmoki" jokatuko du Jaurlaritzak.
Bukatzeko, arratsaldean LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordeak izango duen bilerari buruz aurreratu du "neurri berriak" adostuko dituztela, eta ostiral honetan bertan jasoko dituela EAEko Aldizkari Ofizialak, "berme juridiko guztiekin" indarrean sar daitezen.