Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetzak baheketa selektiboa egingo du Urnietan ostegunetik

13 eta 40 urte arteko biztanle guztiei egin diete deia PCR proba egiteko.

Urnietan 59 positibo zenbatu dituzte azken zazpi egunetan. Argazkia: Jonathan López
Urnietan 59 positibo zenbatu dituzte azken zazpi egunetan. Argazkia: Jonathan López
Urnietan 59 positibo zenbatu dituzte azken zazpi egunetan. Argazkia: Jonathan López

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak baheketa selektiboa abiatuko du ostegun honetan Urnietan (Gipuzkoa), aldez aurretik Ordizian, Zaldibian eta beste hainbat lekutan egin bezala.

Hain zuzen ere, 13 eta 40 urte arteko biztanle guztiei egin diete deia PCR proba egiteko.

Osasun Sailak azaldu duenez, probak herriko frontoian egingo dituzte ostegun honetan, 15:00etatik 19:30era, eta ostiralean, 08:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 19:30era. Egun horretan, gainera, Salesiarretako ikasleei ere egingo diete proba. Behar izatekotan, larunbatean PCR gehiago egingo dituzte.

Proba egiteko, hitzordua eskatu beharko da osasun zentroaren (943.00.66.80) edo Osasun Kontseiluaren (900.20.30.50) telefono zenbakira deituta.

Udalak azaldu duenez, Egape eta Magale ikastetxeetan ere egingo dituzte probak, eta zentroek eurek jakinaraziko diete gurasoei prozedura.

Jorge Segurado Urnietako alkateak proba egitea garrantzitsua dela adierazi die herritarrei, "joera negatiboa ahalik eta lasterren iraultzeko".

Urnietan 59 positibo zenbatu dituzte azken zazpi egunetan, eta 1.130 kasu ditu 100.000 biztanleko. Bertan, gainera, R0 adierazlea 2,19koa da.

Atzo, Udalak espazio publiko "gehienak" ixtea erabaki zuen, eta kultur eta kirol ekintzak bertan behera utzi zituen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Urnieta Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusa