Gizartea -
Koronabirusa
Harremanak "ahalik eta gehien murriztea" eskatu du Garitanok
Garitanok herritarrei erantzukizuna eskatu die, ezagunekin eta elkarrekin bizi ez diren senitartekoekin harremanak "ahalik eta gehien murrizteko".
Agentziak | Erredakzioa
Agintari publikoak inposatu ditzaketen neurriez gain, Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzaileak erantzukizuna eskatu die herritarrei, ezagunekin eta elkarrekin bizi ez diren senitartekoekin harremanak "ahalik eta gehien murrizteko".
Pandemia Euskadin izaten ari den bilakaeraren berri emateko agerraldian, Eusko Jaurlaritzak Durangon, Ordizian eta Zaldibian baheketa berriak egitea erabaki duela gogorarazi du koordinatzaileak.
Urriaren 12tik 18ra adierazle nagusiek izan duten bilakaera zehaztu du Garitanok agerraldian.
Aste horretako balantzeari dagokionez, 67.150 proba egin eta 4.543 koronabirus kasu berri baieztatu zituzten Euskadin.
Lurraldeka, 498 PCR positibo izan ziren Araban, 1.847 Bizkaian eta 2.074 Gipuzkoan. Gainera, 113 kasu zenbatu dituzte Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan edo jatorri ezezaguna dutenak.
Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 360,74 positibo izan ditu EAEk. Gipuzkoak 100.000 biztanleko 500 positiboen langa gainditu zuen iragan asteartean, Garitanok azpimarratu duenez.
Gainera, urriaren 12tik 18ra 44 pertsona hil dira erkidegoan koronabirusagatik. Bestalde, azken txostenaren arabera, 328 paziente daude ospitaleetan, eta beste 59 ZIUn.