Gizartea -

Koronabirusa

Espainiak COVID-19aren aurkako txertoaren 31 milioi dosi baino gehiago jasoko ditu

AstraZeneca konpainia lantzen ari den txertoa erosteko baimena eman du Espainiako Gobernuak. Lehendabiziko dosiak abenduan iritsiko lirateke.

Hainbat konpainia COVID-19ari aurre egiteko txertoa sortzeko lanean ari dira. Argazkia: EFE
Hainbat konpainia COVID-19ari aurre egiteko txertoa sortzeko lanean ari dira.
Hainbat konpainia COVID-19ari aurre egiteko txertoa sortzeko lanean ari dira. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salvador Illa Osasun Ministroak jakinarazi duenez, Espainiak COVID-19ari aurre egiteko AstraZeneca konpainia lantzen ari den txertoaren 31 milioi dosi baino gehiago jasoko ditu abendua eta 2021eko ekaina bitartean.  

Abuztuaren 27an egin zuten hitzarmena Europako Batzordeak eta AstraZeneca enpresa farmazeutikoak. Akordio horren arabera, Europar Batasunak 300 milioi dosi erosiko ditu, eta gaur Pedro Sanchezen Gobernuak Espainiari dagokion kopurua erosteko baimena eman du: 31.555.469 dosi, hain zuzen ere.

Dosi bakoitzak 2,90 euroko prezioa izango du. Europako Batzordeak 1,12 euro jarriko ditu dosi bakoitzeko, larrialdietarako funtsa erabilita. Gainerakoa estatuek ordaindu beharko dute.

Hori bai, pertsona bakoitzeko bi dosi erabili beharko direla zehaztu du Illa Osasun ministroak.

Guztira, Espainiako Gobernuak 56 milioi euro gastatuko ditu txertoak eskuratzeko. Prezio horretan % 20ko igoera bat izan litekeela ohartarazi du, baina ordaindu beharreko zenbatekoa gehienez 76 milioi eurokoa izango litzatekeela azaldu du.

Hala ere, txertoak proba klinikoak gaindituko ez balitu, estatuek ez diote ezer ordainduko konpainia farmazeutikoari.

Une honetan, analisien hirugarren fasea dago AstraZeneca konpainiaren txertoa. Probak Erresuma Batuan, Brasilen eta Hegoafrikan egiten ari dira, Sendagaien Europako Agentziaren zaintzapean.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa