Gizartea -
Koronabirusa
Edozein neurri hartzeko prest da Jaurlaritza, martxoko egoerari iskin egiteko
"Aukera guztiak daude mahai gainean, eta unean uneko egoera kontuan izanda hartuko ditugu neurriak", ziurtatu du Bingen Zupiriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak "ez du neurri bat bera ere baztertzen" martxoko egoera berriro jasan behar ez izateko. Koronabirusaren pandemia gelditzea lehenesten badu ere, ez du nehola ere ez iragan udaberriko konfinamendu egoerara itzuli nahi.
"Jaurlaritzak ez du ezer baztertzen, aukera eta neurri guztiak daude mahai gainean, eta unean uneko egoera egokituko gara", ziurtatu du Bingen Zupiria bozeramaileak, prentsaurrekoan.
Halaber, argi utzi du oraingoz EAEko justizia Auzitegi Nagusiari igorritako neurriak ezarriko dituztela.
Besteak beste, sei pertsonatik gorako bilerak debekatuko dituzte, eta ostalaritza establezimenduek (terrazek salbu) ezingo dute % 50eko edukiera gainditu, ezta kultur eta erlijio ekitaldiek ere. Dena den, ez dute konfinamendu perimetralik edo etxeratze agindurik aurreikusi.
Zupiriak berretsi du pandemiaren bilakaerak baldintzatuko dituela herri edo lurralde bakoitzean hartu beharreko neurriak, ezer baztertu gabe", eta azpimarratu du helburu dutela "ahal den neurrian" berriro ere konfinamendu orokorrik ez egotea, "martxokoak ondorio latzak izan zituelako".
Bukatzeko, esan du 15 egunerako EAEn ezarri nahi dituzten neurriei buruz Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren zain daudela, murrizketa horiek indarrean sartu ahal izateko.