Gizartea -
KORONABIRUSA
Urkullu: "Guri dagokigu une oro beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea"
Erakundeak eta gizartea "eskutik helduta" badoaz, egoera hori gainditu ahal izango dela azpimarratu du lehendakariak, eta erantzukizunez jokatzea eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan adierazi duenez, "birusak gure artean jarraitzen du", eta, beraz, "guri dagokigu une oro beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea", "inork ez baitaki zenbateko iraupena izango duen pandemiak".
Antoñanako (Araba) ibilgailuen elektrizitatea azkar kargatzeko gune berri batera egindako bisitaren harira hitz egin du Urkulluk, larunbat honetan Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordeak murrizketa berriak iragarri ostean, pandemiak Euskadin izan duen bilakaeraren datu txarren testuinguruan.
"Birusak eragina izaten jarraitzen du. Beraz, guri dagokigu une oro beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea, pandemiak zenbat iraungo duen ez baitakigu", esan du Urkulluk.
Era berean, erakundeak eta gizartea "eskutik helduta" badoaz egoera hori gainditu ahal izango dela azpimarratu du lehendakariak, eta erantzukizunari eustea eskatu du.
Joan den larunbatean, LABIren bileran, besteak beste, honako neurriak adostu ziren: edukiera % 50era jaistea ostalaritzan, ekitaldi kulturaletan eta erlijiosoetan, jatetxeetan eta tabernetan itxiera ordubete aurreratzea, 00:00etara, eta 6 lagunetik gora ez elkartzea.
Neurri horiek eta beste batzuk agindu batean jasota daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren berrespena jasotzen dutenean argitaratuko dira, datozen egunetan.
EAEn gora egin dute azken 24 orduetan COVID-19 kasuek, egindako PCR testen % 8,4k eman dute positibo eta okerrera egin du ospitaleko egoerak, 300 ospitaleratu baitaude. Gainera, beste 55 pertsona daude ZIUetan.