Gizartea -
Eraso matxista
Larunbatean Gasteizen emakume bati labanaz eraso zion gizonaren bila ari dira
Aurrekari penalak dituen gizona biktimaren auzokidea da, eta bere alaba aurrean zegoela sartu zion labana 40 urteko emakumeari.
EITB.EUS
Larunbatean Gasteizen 40 urteko emakume bati bere alaba adingabearen aurrean labanaz eraso egin zion gizonaren bila ari da Ertzaintza, Segurtasun Sailaren arabera. Aurrekari penalak ditu gizonak.
Larunbatean, 10:00etan izan zen erasoa. Salburua auzoan emakume bat lurrean odoletan zegoela ohartarazi zioten Ertzaintzari.
Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu ziren, baita osasun langileak ere. Emakumea, larri, eta alaba Arabako hiriburuko Txagorritxuko ospitalera eraman zituzten.
Segurtasun Sailaren iturrien arabera, umea larunbatean irten zen ospitaletik, eta familiarekin dago. Biktima oraindik ospitalean dago, baina arriskutik kanpo.
Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta erasoaren ustezko egilea bilatzen ari da. Aurrekari penalak ditu. El Correo-ren arabera, erasotzaileari 2003an 22 urteko espetxe zigorra jarri zioten bere emaztea hiltzeagatik. Iruñeko espetxean zegoen preso, hirugarren graduan.