Gizartea -
Osasuna
Bularreko minbiziaren diagnostikoa atzeratzeak pronostikoa larriagotzen du
Ospitale askotan ez dira screening proba egiten ari, eta horrek egoera okertu du. Gainera, emakume askok ospitalera ez joatea erabaki dute COVID-19aren beldur direlako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pandemia dela eta bularreko minbiziaren diagnostikoa atzeratu egin dela eta horrek gaitzaren pronostikoa larriagotu duela ohartarazi dute. Bularreko Minbiziaren Adituen Europako Elkarteak jakinarazi duenez, sei hilabeteko atzerapenak diagnostikoa larriagotzen du.
Pandemia dela eta, gaixotasun asko beranduegi diagnostikatzen dituzte; horien artean, bularreko minbizia. Bularreko Minbiziaren Europako Batzordeak aurkeztutako txosten bati esker jakin dute diagnostikoa sei hilabete atzeratzeak ondorio larriak izan ditzakeela, "tumore mota hori osatzeko aukerak murrizten direlako", azaldu du Isabel Rubio Nafarroako Unibertsitate Klinikako Bular Patologia arloko zuzendariak.
Bi arrazoirengatik atzeratu da minbizi mota horren diagnostikoa: ospitale askotan ez direlako screening proba egiten ari eta, COVID-19 birusaren beldur, emakume askok ospitalera ez joatea erabaki dutelako.
Espainiako estatuan, 50 urtetik gorako emakumeek bi urtean behin egin ohi dituzte baheketak, baina, dirudienez, baliabide faltagatik eten egin dituzte aurten. Izan ere, ezin izan dituzte zerbitzuak berrantolatu, COVID-19a duten gaixoei arreta berezia eskaintzen ari direlako.
Bigarren arrazoiari dagokionez, bularrean koskorrak edo azalean aldaketak atzemanda ere, emakume askok ez dute ikaragatik ospitalera joan nahi.