Gizartea -

COVID-19

Sagardui: "Kurba kezkagarria ikusita, gripearen eragina erabakigarria izango da"

Euskadi COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko beharrezkoa izango den material logistikoa prestatzen eta erosten hasi dela aurreratu du Osasun sailburuak.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburua Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburua Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko beharrezkoa izango den material logistikoa prestatzen eta erosten hasi dela aurreratu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: "dosia eskura daukagun unean, txertoa errealitate bat izateko". Hala ere, agintariak gogorarazi duenez, orain gripearen aurkako txerto kanpainan "murgilduta" daude, pandemiaren "bilakaera kezkagarria ikusita, gripearen intzidentzia erabakigarria izango baita osasun zerbitzuak gainezka egitea saihesteko".

Carmelo Barrio PP+Cs koalizioko legebiltzarkideak sailburuari galdera egin dio Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Osasun Publikoaren programak “berrindartzeko” eta aurrekontuak “handitzeko” beharraz ohartarazi dio Barriok Sagarduiri: “orain arte 46 milioi euro zituzten, gehienbat funtzionamendu gastuetarako”.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren txerto estrategiaren inguruan galdetu dio Barriok sailburuari. “Zalantzazko une” honetan zientzialari batzordeekin lankidetza “indartzeko” eskatu dio.

Osasun Saila COVID-19 pandemiaren egoera “etengabe” aztertzen ari dela azaldu du Gotzone Sagarduik, “gainerako erkidegoekin lankidetzan, erantzun protokoloak eta baliabideak egokitzeko”.

Erakundeen arteko lankidetza “etengabea” dela azpimarratu du sailburuak. Osasun Publikoaren Batzordean talde teknikoa COVID-19aren aurkako txertaketan lehentasunak finkatzeko lanean ari dela jakitera eman du Sagarduik. “Agertoki ezberdinak” aurreikusten ari dira, “pandemiaren bilakaeraren inguruan ziurtasunik ez dagoelako”, erantsi du.

"Pandemiaren bilakaeraren inguruan ziurtasunik ez dago"

Zentzu horretan, “une honetan ezer gutxi zehaztu” dezakeela onartu du buruzagiak. “Itxaroten ari gara, azkenean zenbat txerto baimenduko dituzten eta eskuragarri noiz egongo diren jakin arte, baita hasiera batean erabili ahal izango den dosi kopurua ezagutu arte ere”, nabarmendu du.

Azkenean Botiken Europako Agentziak zein txerto onartzen dituen, zenbat dauden eskuragarri eta adin zein taldeen araberako gomendio terapeutikoetara ere egokitu beharko dira irizpideak, sailburuak azaldu duenez.

Txertoak eskuragarri daudenean, Europar Batasuneko herrialdeen artean banatuko dituzte lehentasun irizpideen arabera.

Euskadi txertoa jartzeko beharrezkoa izango den material logistikoa prestatzen eta erosten hasia dela aurreratu du Osasun sailburuak, xiringak eta orratzak esaterako: “dosia eskura daukagun unean, txertoa errealitate bat izateko”.

“Xehetasunek itxaron beharko dute”, errepikatu du Sagarduik. Buruzagiak gogorarazi duenez, orain gripearen aurkako txerto kanpainan “murgilduta” daude, pandemiaren “kurba kezkagarria ikusita, gripearen eragina erabakigarria izango baita osasun zerbitzuak gainezka egitea saihesteko, eta gure herritarren osasuna baldintzarik onenetan mantentzeko”.

“Funtsezko zerbitzuetako langileen, biztanleria osoari segurtasuna emateko eta arreta zentroen gehiegizko lan karga saihesteko esfortzu ikaragarria egiten ari garela ziurtatu dezaket”, adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gripea Koronabirusa