Gizartea -
KORONABIRUSA
Txertoa iritsi arte 6 hilabete "zail" aurreikusi ditu Salvador Illak
Espainiako Osasun ministroak egindako kalkuluen arabera, koronabirusaren kontrako txertoaren hiru milioi dosi urte amaieran edo 2021. urtearen hasieran helduko dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusaren aurkako txertoa heldu arte, hurrengo "bost edo sei hilabeteak zailak" izango direla aurreikusi du Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak. 2021erako espero da txertoa.
Kataluniako RAC1 irrati kateari eskainitako elkarrizketan ziurtatu duenez, negazionisten eta bakunen kontrako direnen aurrean "herriari informazioa emanez" erantzungo du.
Osasun ministroak egindako kalkuluen arabera, Espainiak koronabirusaren kontrako txertoaren hiru milioi dosi jasoko ditu urte amaieran edo hurrengo urtearen hasieran. Europar Batasunak 30 milioi dosi hitzartuta ditu AstraZeneca laborategiarekin.
Dena dela, txertoa jartzerakoan ez direla segurtasun irizpideak sakrifikatuko ziurtatu du. Gaineratu duenez, dagoeneko aditu talde bat lanean ari da txertaketa masiboa nola egingo den zehazteko.
Ildo horretan, txertoaren banaketa egiteko "ekitate eta proportzionaltasun" irizpideak kontuan hartuko direla nabarmendu du, arreta berezia jarriz arriskuan dauden pertsonengan.
Bien bitartean, hurrengo hilabeteak "zailak eta kezkagarriak" izango direla aurreratu du. Eguberriak "ez dira normalak izango, ezberdinak eta urrunekoak baizik". "Iraupeneko lasterketa batean gaudela pentsatu behar dugu", esan du. Dena dela, baztertu egin du "gaur gaurkoz", martxokoa bezalako itxialdi bat ezartzea.