Gizartea -

COVID-19: Prebentzio neurriak

Maskararik ez eramatea edo gaizki erabiltzea, urraketen % 74 Euskadin

Ertzaintzak eta EAEko udaltzaingoek 15.868 urraketa salatu dituzte, Segurtasun Sailak COVID-19ari aurre egiteko prebentzio neurriak ekainaren 18an indarrean jarri zituenetik.

Jendea maskarak jantzita, kalean. Artxiboko argazkia: EFE
Jendea maskarak jantzita, kalean. Artxiboko argazkia: EFE
Jendea maskarak jantzita, kalean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maskararen erabilera desegokia edo ez eramatea urraketen % 74 dira Euskadin. Ertzaintzak eta EAEko udaltzaingoek 15.868 urraketa salatu dituzte, Segurtasun Sailak COVID-19ari aurre egiteko prebentzio neurriak ekainaren 18an indarrean jarri zituenetik.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Estefania Beltran de Heredia bere aurrekoak ekainean indarrean jarritako neurrien balantzea egin du agintariak. Konkretuki, segurtasun indarrek aurkeztutako salaketen berri eman du buruzagiak.

Alarma egoera amaitu zenetik urriaren 15era arte 15.686 salaketa jarri dituzte, horietako 11.729 (% 74), maskara jantzita ez eramateagatik (10.370), gaizki erabiltzeagatik (1.115) eta lokal publikoetan jokabide horiek ez salatzeagatik (244).

Era berean, garraio publikoan maskararik ez eramateagatik 504 pertsona (% 3,1) salatu dituzte. Guztira, 12.233 urraketa salaketa aurkeztu dituzte maskarekin lotuta, % 77 (Segurtasun Sailak, ordea, biak bereizten ditu).

Erkoreka: "Hori da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen ekarpena pandemiaren aurkako borrokan"

Bestalde, aforo araudia urratzea, gazteen lokal eta litroak egiteagatik 2.619 salaketa jarri zituzten, hau da, % 16,5, baina isun gehienak kalean edateko biltzeagatik izan dira (2.146).

Bi metroko distantzia errespetatu barik toki publikoetan erretzeagatik 391 pertsona salatu dituzte Ertzaintzak eta udaltzaingoek, salaketen % 2,5, alegia. Ostalaritzan metro eta erdiko distantzia ez gordetzeagatik edo gehienezko aforoa gainditzeagatik 286 urraketa izan dira, hau da, urraketen % 1,8.

Jon Atutxa EAJko legebiltzarkidearen galderari erantzun dio sailburuak. Urraketa eta kutsadura kurbak alderatuz gero, “osasun publikoaren arauak betetzearen garrantzia egiaztatu daiteke pandemiaren kontrol eraginkor baterako”.

Zentzu horretan, prebentzio neurriak “betearazteaz inor arduratuko ez balitz” COVID-19ak “izango lukeen hedapen ikaragarriaz” ohartarazi du Erkorekak. “Hori da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen ekarpena pandemiaren aurkako borrokan”, adierazi du lehendakariordeak.

Hain zuzen ere, udaltzainak jokabide desegoki gehienak salatu dituztenak izan dira: 8.731, hau da, % 55. Ertzaintzak, aldiz, 7.137 salaketa jarri ditu (% 45).

Lurraldeka, Bizkaian salaketa kopururik handiena jarri dute % 56,7 (9.005); ondoren % 25,3 (4.027) Gipuzkoan eta % 17,8 (2.836) Araban.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Isunak gaur Maskarak koronabirusa