Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, igogailu batean neska bati sexu-abusuak egiteagatik
Eraso matxista joan den asteartean, urriak 13, jazo zen, Prim kaleko igogailu publikoan. Atxilotuak polizia-aurrekariak ditu, sexu-askatasunaren aurkako delituengatik.
Agentziak | Erredakzioa
45 urteko gizon bat atxilotu dute ostegun honetan Bilbon, Prim kaleko igogailuan neska bati sexu-abusuak egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Eraso matxista asteartean, urriak 13, jazo zen. Gizona biktimaren atzetik sartu zen Prim kaleko igogailu publikora, eta, igotzen ari zirenean, bat-batean eraso zion eta ukituak egin zizkion gorputzean. Hala, igogailuaren atea ireki zenean, biktima presaka atera zen laguntza bila, eta erasotzaileak alde egin zuen.
Gertatutakoaren berri jaso ondoren, Ertzaintza biktima zegoen lekura bertaratu zen. Neska beste emakume batekin batera zegoen, eta hark artatu zuen agenteak iritsi arte.
Ertzaintzaren ikerketari esker, ustezko egilea atxilotu dute: sexu-askatasunaren aurkako delituengatik polizia-aurrekariak dituen 45 urteko gizon bat da.
Bilboko Udalaren adierazpena
Bestalde, Bilboko Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek, eraso matxista hori gaitzesteko adierazpen bateratua sinatu dute. Udalak gertaera horiek gaitzesten eta ulertzen ez dituela adierazi du, eta emakumeari eta haren senide zein lagunei babesa adierazi die.
Udalak nabarmendu duenez, "horrelako eraso sexual eta sexistak gizartean eta eguneroko bizitzan, eremu pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxistaren beste isla bat dira". Ildo horretatik, emakumeak errespetatzen ez dituen edozein jokabide baztertzen du, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta.
Hori dela eta, Bilboko Udalak berdintasunaren aldeko gizarte zuzena lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatzen die herritarrei eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu. "Guztiok jarrera aktiboa hartu behar dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpideren aurrean, indarkeria hori salatuz, ez onartuz, isilik ez geratuz eta indarkeria jasan dutenei gure babesa adieraziz; azken batean, eraso matxisten aurrean gure ardura indibidual eta kolektiboa hartuz".
Bilboko Udalaren arabera, delitu hori "osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa da, eta, ondorioz, giza-eskubideen haustura larria eta onartezina dakar". Horregatik, gaitzespena adierazteko hirian egingo diren elkarretaratzeetan parte hartuko du, eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz.