Gizartea -

Koronabirusa

Osasun Ministerioak lau alerta-maila ezarriko ditu, erkidegoetan neurriak finkatzeko

COVID-19aren hedapena gelditzeko neurri murriztaileak erabakitzerakoan erkidego guztiek oinarrizko adierazle bateratuak kontuan har ditzatela nahi du Osasun Ministerioak.

Osakidetzako langilea bat herritar bati PCR proba egiten. Argazkia: EFE
Osakidetzako langilea bat herritar bati PCR proba egiten.
Osakidetzako langilea bat herritar bati PCR proba egiten. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren hedapena gelditzeko asmoz, Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioa plan berri bat lantzen ari da. Egitasmo horretan lau alerta-maila aurreikusten ditu, oinarrizko adierazleak aintzat hartuta, erkidego guztiek neurri murriztaile minimoak har ditzaten kasuaren arabera.

Horrela, bada, honako adierazle hauek hartuko dira kontuan: egoera epidemiologikoa, asistentzia-gaitasuna eta osasun publikorako gaitasuna, eraginpean egon daitekeen biztanleriaren ezaugarriak eta ahultasuna, eta prebentzio eta kontrol-neurriak hartzeko aukera, hala nola ebaluatutako lurralde osoari edo zati bati eragiten dioten esku-hartze partzialak edo osoak dituzten neurri ez-farmakologikoak.

Arrisku-adierazleak bi multzotan eta bost larritasun-mailatan banatzen dira: lehenengoan, 14 eguneko intzidentzia metatua, 7 eguneko intzidentzia metatua, 65 urtetik gorakoen intzidentzia metatua 14 egunetan, asteko proba diagnostikoen positibotasun globala eta trazabilitatea duten kasuen ehunekoa; bigarrenean, COVID-19 kasuetarako ospitaleratze-oheen eta zaintza intentsiboetarako unitateetako oheen okupazioa.

Nolanahi ere, Osasun Ministerioak zehaztu duenez, "autonomia erkidegoaren egoeraren banakako balorazioa egingo da beti, eta kontuan hartuko dira beste adierazle batzuk, kualitatiboak barne".

"Lurralde baten arrisku-maila zehazteko, adierazleak modu dinamikoan interpretatu behar dira beti, eta joerak eta aldaketa-abiadurak garrantzia izan behar dute balorazio horretan", dio testuak.

Lurralde txikietan, 5.000 biztanletik beherakoetan, adierazle orokor horiez gain, honako hauek hartuko dira kontuan: azken 7 eta 14 egunetan diagnostikatutako kasuen kopurua, joera eta aldaketa abiadura; agerraldiei lotutako kasu berrien proportzioa; bigarren mailako eraso-tasa; puntu beroak egotea (agerraldi-kopurua, haien ezaugarriak eta kontrol-egoera, egoitza soziosanitarioen egoera, etab.).

Adierazleak aztertu ondoren, horietako bakoitzak izan beharko dituen balioak finkatuko dira, alerta-egoera muturrekotzat, altutzat, ertaintzat, baxutzat edo normaltasun berrikotzat jotzeko. Adibidez, Madrilgo Erkidegoa arrisku larrian egongo litzateke 14 egunetan diagnostikatutako kasuen intzidentzia metatuaren atalean, 100.000 biztanleko 250 kasu baino gehiago izango bailirateke.

Balio horiek kontuan hartuta, Osasun Ministerioak lau alerta-maila ezartzen ditu:

Lehenengo alerta-maila: egoera epidemiologikoaren blokeko bi adierazle eta laguntza-gaitasunaren blokeko bat gutxienez maila baxuan daudenean eta gainerako adierazleak normaltasun berrian daudenean.

Bigarren alerta-maila: bloke epidemiologikoko bi adierazle eta laguntza-blokeko bat gutxienez maila ertainean daudenean, eta gainerako adierazleak maila apalagoan daudenean.

Hirugaren alerta-maila: bloke epidemiologikoko bi adierazle eta laguntza-blokeko bat gutxienez maila altuan daudenean eta gainerako adierazleena maila baxuagoan.

Laugarren alerta-maila: bloke epidemiologikoko bi adierazle eta laguntza-blokeko bat, gutxienez, oso maila altuan daudenean eta gainerako adierazleak maila baxuagoan daudenean.

Alerta-maila bakoitzak ezarri beharreko neurri batzuk ditu. Autonomia-erkidegoek erabakiko dute zein neurri hartu eta noiz aplikatu, eta Osasun Ministerioari jakinaraziko diote.

Autonomia-erkidegoek, Ministerioarekin koordinatuta, egoera epidemiologikoa berrikusiko dute aldizka, alerta-maila eta aplikatutako neurriak mantentzea edo aldatzea erabakitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa