Gizartea -
Koronabirusa
COVID-19aren ondorioz EAEn itxitako ikasgelen kopurua 109ra jaitsi da, guztien % 0,62
Azken orduetan 78 ikastetxetan atzeman dituzte koronabirus kasuak, alegia, atzo baino 13 ikastetxe gutxiagotan. Gainera, oraindik ez dago aurrez aurreko hezkuntza-jarduera eten duen ikastetxerik.
Agentziak | Erredakzioa
COVID-19 kasuengatik itxita dauden euskal ikastetxeetako ikasgelen kopuruak behera egin du berriro, eta ostegun honetan 109 dira, atzo baino 21 gutxiago. Hain zuzen ere, pandemiaren eraginez itxitako ikasgelen kopurua guztien % 0,62 da.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera, azken orduetan 78 ikastetxetan atzeman dituzte koronabirus kasuak, eta, ondorioz, 109 ikasgela itxi behar izan dituzte. Testuinguru horretan, ikasgelak itxi dituzten ikastetxeen kopurua ere jaitsi egin da; 91 izatetik 78 izatera pasatu baita (13 gutxiago). Gainera, oraindik ez dago aurrez aurreko hezkuntza-jarduera COVID-19agatik erabat eten behar izan duen ikastetxerik.
Asteazkeneko datuekin alderatuta, 21 ikasgela gutxiago itxi dituzte, beraz, pandemiaren eraginez itxitako eskolen kopuruaren batez bestekoa % 0,62 da. 2020-2021 ikasturtean euskal hezkuntza-sistemak 17.554 gela ditu, 2 urtetik hasi eta unibertsitatez kanpoko hezkuntzara arte.