Gizartea -

TRAFIKOA

Vueltak aldaketak eragingo ditu trafikoan Gipuzkoako errepideetan

173 kilometroko ibilbideak Irun, Errenteria, Donostia, Hernani, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga, Legazpi, Oñati, Bergara eta Eibar zeharkatuko ditu.

2019ko Espainiako Itzulia. Artxiboko argazkia: EFE
2019ko Espainiako Itzulia.
2019ko Espainiako Itzulia. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, urriaren 20an, Espainiako Itzuliak hainbat aldaketa eragingo ditu Gipuzkoako zenbait errepide eta kaletan.

Arrateko eta Urduñako mendateak jenderik gabe igotzera behartuko dituen osasun larrialdiko neurriek markatuko dute aurtengo Vuelta.

Trafikoan eragina

Espainiako Vueltaren lehen etapa, 173 kilometrokoa, gaur korrituko dute, eta honako ibilbidea izango du: Irun, Errenteria, Donostia, Hernani, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga, Legazpi, Oñati, Bergara eta Eibar.

Irteera Ficoban izango da, 12:51n. Lasterketak Irungo erdigune osoa zeharkatuko du. Santiago zubia itxi egingo da trafikoarentzat 07:00etatik 16:00ak aldera arte. GI-636 errepidea 12:15ean itxiko dute, Oximbiribil biribilgunean eta Zubimusun. Ordu horretatik aurrera, Irun blokeatuta geratuko da eta autobidetik baino ezingo da ibili. N-636an, Errenterian, Altamirako tunela itxiko dute 12:30ean. Udalerria eta GI-636 errepidea ez kolapsatzeko, bide alternatiboak erabiltzea gomendatu dute. Lasterketaren burua igaro baino 40 minutu lehenago moztuko dituzte errepideak.

Donostian ere kontuz gidatzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak. Vuelta 13:25ean sartuko da Gipuzkoako hiriburura, eta horrek arazoak sor ditzake hirigunean. Horrez gain, Donostia eta Zestoa artean, N-634 eta GI-631 errepideetatik doazenei kontuz ibiltzeko eskatu die, 14:00etatik aurrerako enpresetako langileen sarrera-irteerak direla eta. Horretarako, ibilbide alternatiboak erabiltzea eta, ahal den neurrian, lantokietara era mailakatuan sartzea gomendatu dute.

Urretxun eta Zumarragan ere, auto-ilarak sortzea espero da.

Murrizketak eta gomendioak

Urriaren 20an, Arratera igotzeko sarrera itxita izango da 08:15etik aurrera, bai ibilgailuentzat, bai bizikletentzat, bai oinezkoentzat (N-634, Azitain, Matxaria eta Izuako igoera, Barinagan). Agintariek esan dute ikastolara sartzea soilik baimenduko dela, baina 14:30ean jaitsi beharko dira ikastetxeko langile eta ikasle guztiak.

Aurretik, mendaterako sarbidea moztu dute hilaren 18an, 19:00etan, azpiegitura muntatzeko, eta helmugara iritsi aurreko azken kilometroa itxita egon da urriaren 19an, 08:00etatik aurrera.

450 ertzain arituko dira lanean lehen etapan, lasterketak Gipuzkoan zeharkatu dituen errepideetan. Segurtasun Sailak Arratera ez joateko eskatu die herritarrei, txirrindulariak arriskuan ez jartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txirrindularitza Espainiako Itzulia Donostia bideoak Eibar Zarautz Gizartea Eguneko albisteak Irun Zumarraga argazkiak Zumaia Albisteak Legazpi azken ordukoa