Gizartea -

LAN GATAZKA

Sindikatuek beste hiru greba egun deitu dituzte Osakidetzan

Greba egun bana deitu dute lurralde bakoitzean: urriaren 29an, Araban, azaroaren 5ean, Gipuzkoan eta azaroaren 12an, Bizkaian. Premia larriei aurre egiteko neurriak eskatu dituzte.

Txagorritxuko langileen protesta, ospitalaren atarian. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Txagorritxuko langileen protesta, ospitalaren atarian
Osakidetzako sindikatu guztiek hiru greba egun deitu dituzte

0:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, SATSE, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE, UTESE sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte Osakidetzan, osasun publikoaren egoera "larria" dela salatzeko eta Osasun Sailari neurriak eskatzeko. Greba egun bana deitu dute lurralde bakoitzean: urriaren 29an, Araban, azaroaren 5ean, Gipuzkoan eta azaroaren 12an, Bizkaian. 

Bederatzi sindikatu deitzaileak elkarrekin agertu dira prentsaren aurrera, Bilbon, mobilizazio berriak iragartzeko. Salatu dutenez, gaur-gaurkoz "ez dago neurri zehatzik" Osakidetzak dituen "egiturazko arazoak" konpontzeko. 

Horien esanetan, "aspalditik datorren arazoa" da, baina COVID-19ak egoera are eta larriago egin du.

Osasun krisi egoeran hiru greba egun deitzeko aukeraz galdetuta, Esther Saavedra ELAko osasun arloko arduradunak esan du "pandemian gaudelako inoiz baino beharrezkoagoa" dela Osakidetzaren arazoak konpontzea.

Osakidetzak ez du ulertzen

Osasun Sailak, bere aldetik, adierazi du ez duela "ulertzen" sindikatuek deitutako greba, eta "elkar ulertzearen bidea" aldarrikatu du, "aurrez aurrekoaren" ordez. Hori horrela, elkarrizketarako deia egin die sindikatue, "akordioetara iristeko modu bakar" gisa.

Gotzone Sagardui buru duen Sailak errefusatu egin ditu lanuzteak une honetan egitea, "sindikatuek helarazitako beharrak partekatzeko eta entzuteko" aldebiko bilerak egiten ari diren heinean.

Sindikatuei gezurretan aritzea leporatu die, Osakidetzan langileen eta baliabide materialen murrizketak daudela "erabat faltsua" delakoan.

Osasun Sailak, gainera, gogorarazi du legegintzaldi honetan 4.000 lanpostu eskaintzeko konpromisoa hartu duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak ELA LAB albisteak EAE Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskal sindikatuak CCOO sindikatua UGT Lan gatazkak gaur ESK