Gizartea -
Koronabirusa
Madrilen alarma-egoera altxatzea baztertu du Illak, eta elkarlanari ekiteko eskatu du
Osasun Ministerioak ezarritako parametroren batean beherakada nabarmena gertatuko balitz, berriz, Madrilgo Erkidegoko zenbait tokitan "konfinamendu perimetrala bertan behera uztea" aztertuko luke.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilen gaur egun indarrean dagoen alarma-egoera altxatzea baztertu du Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak astearte honetan, urriak 13, Madrilgo Erkidegoan pilatutako intzidentzia, positiboen ehunekoa eta zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako gaixoen kopurua ez baita Osasun Ministerioak ezarritako kopuruaren azpitik jaitsi.
Ildo horretatik, Espainiako Gobernuak alarma-egoera lehenbailehen altxatu nahi duela esan du Illak, baina, horretarako, pandemiaren bilakaera kontuan izan behar dela nabarmendu du, eta COVID-19ak gaur egun Madrilen duen eraginak Espainiako Gobernua kezkatzen duela ziurtatu du.
Osasun ministroak azaldu duenez, aurretik aipatutako parametroren batean beherakada nabarmena gertatuko balitz, Madrilgo Erkidegoko zenbait tokitan "konfinamendu perimetrala bertan behera uztea" proposatuko luke berak "hurrengo Ministroen Kontseiluan".
Hala, Isabel Diaz Ayuso buru duen erkidegoaren eta Osasun Ministerioaren arteko desadostasunak gogora ekarri ditu, baina prest agertu da bi gobernuen arteko "leialtasun instituzional handiena" oinarri izango duen "elkarlanerako bideari ekiteko".
Ildo horretatik, Osasun ministroak argi utzi du Madrilgo egoera ez dela ona. "Pandemiaren bilakaerari aurre egin diezaiokegu, baina serio hartu behar dugu", gaineratu du, eta hiriburua "egonkortasun une ahul batean" dagoela ohartarazi du.
Madrilgo Ergidegoko intzidentzia metatua 500 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta alarma-egoera altxatzeko "100 biztanle ingurukoa" izan beharko litzatekeela esan du Illak. "Kopuru hori haiekin adostu nahi dugu. Irizpideak betetzen direnean alarma-egoera altxatuko dugu", adierazi du.
Alarma-egoera Espainia osora zabaltzeari dagokionez, ministroak esan du "oraingoz" ez dela beharrezkoa. Hala, Osasun Ministerioaren lehentasuna agerraldi berriei aurre egitea dela esan du. "Erne egon behar dugu, orain arte bezala", azpimarratu du.
Hori bai, eta ohar gisa, Espainiako Gobernuak astearte honetan bertan erabaki bat hartu beharko balu, Gabonak "neurri murriztaileekin" ospatu beharko liratekeela onartu du Illak. Hori dela eta, urrian eta azaroan pandemiak izango duen bilakaera izango dute kontuan data horiei begira erabakiak hartzeko orduan.
Jakinarazpena Kongresuari
Espainiako Gobernuak, Madrilen ezarritako alarma-egoeraren berri emango dio Kongresuari ostegunean, 09: 00etan, Ganberako Osoko Bilkuran, astearte honetako Bozeramaileen Batzordeak hala erabakitzen badu. Dena dela, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ez dago erabaki horren arrazoiak ematera behartuta.
Gainera, alarma-egoeraren hasierako jakinarazpenaren kasuan ez da bozketarik egin behar Kongresuan. Neurri horren luzapenek, ordea, Kongresuko Osoko Bilkuraren baimena behar dute (gehiengo soilarekin onartu behar dira).
Oraingoz ez dute jakitera eman Espainiako Gobernuko zein kidek azalduko dituen Madrilen alarma-egoera ezartzeko arrazoiak, Isabel Diaz Ayusoren gobernuarekin izandako gatazka politikoaren ostean.