Gizartea -

Bularreko minbizia

Bularreko minbiziaren aurrean itxaropen mezua zabaltzeko itsasoratu dira bost emakume

Maria Aldama barakaldarra minbizitik bizirik atera diren espedizionarioen artean dago. Iberiar Penintsula inguratuko dute, eta Bartzelonara urriaren 24an helduko dira.

Bost emakumeak, abentura hasi baino lehen. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Bost emakumeak, abentura hasi baino lehen.
Bost emakumeak, abentura hasi baino lehen. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bularreko minbizia izan duten eta bizirik atera diren bost emakume 72 oineko belaontzi batean itsasoratu dira, Bilbon, eta 1.530 milia egingo dituzte Kantauri itsasoan, Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan zehar, Bartzelonaraino, gaixotasun hori dutenei itxaropen mezu bat helarazteko.

Bost tripulatzailek, 38 eta 56 urte bitartekoak, bularreko minbizia izan eta gainditu zuten. Pelayo Vida erronkara batu dira, Iberiar penintsularen inguruan nabigatzeko eta “minbizia ere gainditu daitekeela” transmititzeko.

Barakaldoko bizilagun Maria Aldamari 2017an atzeman zioten gaitza. “Indar, ausardi eta itxaropen mezua helarazi nahi diegu” minbiziagatik “gaizki pasatzen ari diren pertsona, emakume eta gizon guztiei”.

“Eta, batez ere, minbiziaren ostean bizitza asko dagoela, eta hori baloratzen eta gozatzen ikasi behar dugula”, gehitu du, biziki hunkituta.

Bizkaitarrarekin batera, Marian Caliz Eivissako arkitektoa, 48 urtekoa; Lorena Madrid 39 urteko murtziarra, anbientologa; Fatima Dominguez 58 urteko cadiztarra, eta Nuria Gomez, 44 urteko Terueleko zientzialaria.

Belaontzia Bilbon geldituta egon da ostiraletik, bost espedizionarioak barruan zeudela. Guztiei PCR probak egin dizkiote, eta negatibo eman ostean, isolatuta egon dira. Barre artean, Bilboko pintxoez eta gastronomiaz ezin gozatzeaz kexu agertu dira.

Eguraldi bikaina izan dute itsasoratzeko, baina hurrengo egunetan ez da hain itsaso ona egongo. Beldurrez gabe bidaiatuko dira, “gauza txarragoak” gainditu dituzte eta.

Abentura honetako protagonistek txandaka egin beharko dute lo eta jan. Proba handia izango da bostentzat, 13 eguneko iraupenekoa.

Cadiz, Malaga eta Valentziako portuetan geldialdiak egingo dituzte, Bartzelonara urriaren 24an heltzeko.

Agur ekitaldian Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Imanol Landa senataria eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan dira. Modu irekian hitz egiteagatik eskerrak eman dizkio alkateak, gaixotasunari izena ematea gainditzen hastea delakoan. Gogorarazi duenez, berak ere tumore baten kontra borrokatu zuen, eta beraz, tripulatzaileen esfortzua goraipatu du.

Sailburuak nabarmendu duenez, gero eta gehiago asmatzen da bularreko minbizia gainditzeko tratamenduetan, eta detekzio eta prebentzio programak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Barakaldo Minbizia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Euskadiko kostaldea albisteak