Gizartea -

KORONABIRUSA

Inoizko positibo gehien berriz Nafarroan 546 kasurekin, eta 364 positibo Euskadin

Lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan 154 positibo zenbatu dituzte, Bizkaian 140 eta Araban 70. Atzo 6.872 PCR proba egin zituzten EAEn.

Osasun arloko langileak, PCR proba egiten. Argazkia: EFE
Osasun arloko langileak, PCR proba egiten.
COVID-19 kasuek gorakada kezkagarria izan dute Nafarroan, eta behera egin dute EAEn

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inoizko koronabirus kasu gehien atzeman dituzte Nafarroan, 546 positibo egun bakarrean, hain zuzen ere. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), berriz, 364 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez.

Foru Erkidegoan 3.094 PCR proba egin zituzten atzo, % 17,6ko positiboarekin, baina ez zen hildakorik izan.

Testuinguru horretan, positiboen % 56 Iruñean eta bere eskualdean zenbatu zituzten, % 20 Tuteran eta % 6 Lizarran. Gainerako positiboak Nafarroako beste eremu batzuetan atzeman zituzten.

Koronabirusa atzemateko detekzio-proban positibo eman duten kasu berriei dagokienez, 15-29 urteko taldea izan zen nagusi atzo, kasuen % 24rekin; jarraian, 45-59 urteko taldea, % 22rekin; ondoren, 30-44 urteko taldea, % 19rekin, eta 15 urtetik beherakoak, % 16rekin. Azkenik, 60 urtetik gorakoen taldea dago (% 19). Kasu berrien batez besteko adina 39,1 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 48 gizonak dira eta % 62 emakumeak.

Bestalde, 27 gaixo gehiago ospitaleratu zituzten atzo Nafarroan COVID-19agatik, horietako bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Ospitaleetako okupazioari dagokionez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 281 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusagatik (atzo baino 18 gehiago).

Halaber, atzoko kasuak batuz gero, 22.274 pertsona kutsatu dira jada pandemiaren hasieratik, eta guztira 617 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz.

Hori dela eta, gaur gauerdian indarrean jarriko diren neurri murriztaile berriak betetzea beharrezkoa dela azpimarratu du Nafarroako Gobernuak. Neurri horiek bi astez egongo dira indarrean, koronabirusaren bilakaerari aurre egiteko helburuarekin.

Koronabirusaren bilakaera Euskadin

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan jakitera eman duenez, Euskadiko positibotasun-tasak % 5etik gora jarraitzen du hirugarren egunez jarraian (% 5etik aurrera talde transmisioaz hitz egiten da). Dena dela, aurreko bi egunetako datuekin alderatuta zertxobait jaitsi da positiboen ehunekoa. Ospitaleratze berriek, aldiz, gora egin dute azken orduetan, 16 izatetik 22 izatera igaro baitira.

Atzo, gaitza atzemateko 6.872 PCR egin zituzten EAEn (aurreko egunean baino 3.050 proba gutxiago). Hain zuzen ere, 364 kasu positibo zenbatu ziren atzo (larunbatean 564).

Ostiralean eta larunbatean EAEko positibotasun-tasa % 5,6koa izan zen, eta igandean, berriz, % 5,3koa. Tasa hori % 5etik behera mantendu zen ia etengabe irailaren 28tik, bi egunetan izan ezik, horietan zertxobait igo baitzen.

Bestalde, azken orduetan 22 gaixo ospitaleratu dituzte COVID-19aren eraginez, aurreko egunean baino 6 pertsona gehiago, eta ez da aldaketarik izan zainketa intentsiboetako unitateetan jarraitzen duten pazienteen kopuruan (47).

Pandemiaren bilakaerari buruzko datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu berri gehien, 154, aurreko egunean baino 104 positibo gutxiago. Dena dela, baliteke PCR gutxiago egiteagatik jaitsi izana baieztatutako kasu kopurua.

Bizkaian, 140 kutsatu atzeman dituzte (aurreko egunean baino 104 kasu gutxiago); Araban, aldiz, gora egin dute azken orduetan baieztatutako positiboek. Izan ere, 70 kasu atzeman dituzte guztira (15 positibo gehiago).

Osasun Sailak astearte honetan emango ditu koronabirusak udalerrietan izandako eraginari buruzko datuak, baita gaixo batek zenbat pertsona kutsatu ditzakeen adierazten duen R0 indizearenak ere. Testuinguru horretan, Jaurlaritzak ostiralean gaurkotu zuen azken aldiz COVID-19aren bilakaera jasotzen duen txostena, aurreko eguneko datuekin.

Oraingoz, beraz, ez dira jakitera eman Osakidetzak Azkoitian (Gipuzkoa) eta Sansomendiko osasun-eremuan (Gasteiz) egin dituen baheketa masiboen emaitzak. Hain zuzen ere, 17 eta 60 urte bitarteko herritarrei egin dizkiete PCR probak.

Azkoitian, asteazkenean hasi ziren positiboak atzemateko probak, eta larunbatean amaitu ziren; Sansomendin, berriz, ostegunean hasi ziren, eta ostiralera arte luzatu dute epea.

Adinekoen egoitzen egoera

Gipuzkoako erresidentzietan ez da kasu berririk ezta hildakorik egon azken orduetan. Bestalde, 55 dira osatu egin diren pertsonen kopurua. Azken orduetan hiru pertsonari eman diete alta Donostiako Alai-Etxe zentroan.

Gaurko egunez bost zentrotan daude positibo eman duten egoiliarrak: Hernaniko Santa Maria Magdalena (8), Errenteriako Jesusen Bihotza (3), Donostiako Alai-Etxe (23), Bergarako Mizpirualde (13) eta Donostiako La Paz (1). Beraz, 49 kasu positibo daude adinekoen artean.

Foru Aldundiak esan duenez, zotzi dira ospitaleetan daudenak, eta beste 41 Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan. Hori da erresidentzietako egoiliarrak eramaten dituzten zentroa COVID-19 dutenean. Abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik, 55 adineko pertsona osatu dira, eta 31 hil dira.

888.968 positibo guztira Estatu espainiarrean

Espainiako Osasun Ministerioak 27.656 kasu berri eta 195 heriotza erregistratu ditu ostiraletik. Guztira, Espainian 33.124 pertsona hil dira koronabirusagatik, eta 888.968 kasu positibo erregistratu dira.

Madril da momentu honetara arte erregistratu dituen hildako kopururik altuena, 9.786rekin. Gero datoz Katalunia (5.883), Gaztela-Mantxa (3.266), Gaztela eta Leon (3.232), Andaluzia (2.020), EAE (1.937) eta Aragoi (1.481).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Osasunbidea