Gizartea -

Elkarrizketa

"Pandemia gizartearen osasun mentalean izaten ari da eragina"

AVIFES familiei eta gaixotasun mentala duten pertsonei laguntza ematen dien elkarte bat da. Isolamenduaren ondorioez eta gure osasun mentala zaintzeari ematen diogun garrantzia txikiaz ohartarazi du.

Argazkia: Achraf Alan/Pexels.
Argazkia: Achraf Alan/Pexels.
Argazkia: Achraf Alan/Pexels.

Mikel Dominguez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundearen arabera, lau pertsonatik batek osasun mentalaren arazoak izan edo izango ditu bere bizitzan zehar. Gure ongizatea guztion ardura den arren, gai hau, bere prebentzioa eta zaintzarekin zerikusia duten beste ekintza, terapia psikologikora joatea, adibidez, estigma bat dira.

Pandemiak larriagotu dituen osasun mentalaren arazoei aurre egiteko, Bizkaian lan egiten duen Avifes bezalako senideen eta gaixotasun mentala duten pertsonen elkarteak daude. Itziar Ceballos gerentearekin hitz egin dugu.

Familiarren eta gaixotasun mentala duten pertsonen elkarteek "ondoan" egotearen garrantziaz ohartarazi dute, pandemiak eragindako isolamendua pertsonen osasun mentala txartzen ari da. Nola eragin du?

Bizitzen ari garen pandemia egoera, dudarik gabe, eragin negatiboa izaten ari da gizartearen osasun mentalean, orokorrean. Beldurra, konfinamendua, ziurgabetasuna, bakardadea, murrizketa sozialak… Horiek estres, antsietate eta depresio egoerak areagotzea ekarri dute. Hori gure erakundera lehenengo aldiz etortzen ari diren pertsonengan ikusten dugu. Bizitzea egokitu zaizkigun egoera zailen beste ondorio bat da suizidio kasuak igo egin direla.

Hori horrela bada biztanleri orokorrean, imajinatu COVID-19a izaten ari den eragina gaixotasun mental larri bat dute pertsonen artean: sintomatologia positiboaren igoera (eldarniozko ideiak, obsesioak…) eta negatiboa (apatia, pasibotasuna, motibazio falta…), eta horrek isolamendua, krisiak eta ospitaleratzeak izateko aukerak eta depresioa eta antsietatea areagotzen ditu, intentsitate handiagoko zerbitzuak eskatuz.

Nola eragiten dio gure bizi estiloak, pandemiaz aparte, gure osasun mentalari? Zer egin dezakegu gure burua zaintzeko?

Denok gara kontziente bizi estilo osasuntsu batek gure ongizate fisikoan duen eraginaren garrantziaz, baina gutxi dira jakitun eta arduratzen dira gure ongizate emozionalean ere duen eraginaz.

Mundu guztiak osasun fisikoa zaindu behar dela barneratu duen bitartean, eta momentu oro kanpainetan ikusten dugu, osasun mentala ezkutatu egiten da, baina gure osasun mentalak ere zaintza behar du. Zentzu horretan ohitura osasuntsuak izan ditzakegu gure osasun mentalari dagokionez, eta lehen episodioei edo alarma seinaleei kasu egin.

Gure ongizate mentala zaintzeko aholkuak

-          Elikadura eta lo ohitura osasuntsuak izan

-          Ariketa fisikoa egin

-          Drogarik ez hartu

-          Alkohol gehiegi ez edan

-          Nire buruarentzako eta maite dudan jendearekin egoteko denbora izatea

-          Niretzat (eta ez besteentzat) atseginak diren ekintzak egin

-          Helburu errealistak jarri

-          Gertatzen zaidanaz eta sentitzen dudanaz hitz egiteko beldurrik ez izatea

-          Oso garrantzitsua: beharrezkoa denean laguntza eskatzea

Ba al dago gizartean terapia psikologikoaren inguruko estigma bat, profesionalengana jotzeko erresistentzia eta behar dugunean jakiteko zailtasuna?

"Antsietate edo depresio egoera arinak kronifikatu daitezke, gaixotasun mental larriak bilakatuz"

Naturaltasunez esaten egiten dugu gure inguruan bizkarrean mina daukadala eta fisioterapeutarekin hitzordua daukadala, dentistak azterketa bat egingo didala edo txekeo orokorra egingo didatela oso nekatuta nagoelako, baina oraindik ezkutatzen dugu triste nagoela, larri nabilela ala kezkatzen nauten ideiak ditudala, eta are gehiago arrazoi horiengatik psikologo batengana joatea. Aurreiritziek eta gizarteak osasun mentalaz duen estigmak, gaur egun, errealitatea eta laguntza beharra ukatzea dakarte. Horrela, antsietate edo depresio egoera arinak kronifikatu daitezke eta gaixotasun mental larriak bilakatu, hastapenetan ezkutatzeagatik eta laguntzarik ez ezkatzeagatik.

Zer behar dute familiek?

Familia batean osasun mentalaren arazoren bat agertzen denean, barne dinamikak eta sistema osoa kaltetzen dira. Kontuan izan behar dugu sendia dela laguntzarako eta babeserako zatirik oinarrizkoena, baina kasu hauetan familiak lagundu ahal izateko, lehenik, ondo egon behar du, eta inguruan geratzen ari dena ulertu. Osasun mentalarekin zerikusia daukan arazo bat daukan familia batek orientazioa, laguntza, informazioa eta formazioa behar ditu. Zentzu horretan, AVIFESek Familientzako Laguntza programa zabal eta anitz bat du, talde desberdinekin, eta gainera tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen ditu, baita arreta psikologikoa egoerak eskatzen duenean.

Profesionalen ratio baxuaz ohartarazi duzue. Inbertsioa falta da?

Biztanleen artean osasun mentalak duen eraginari buruzko datuei erreparatuta (Bizkaian, 2015eko datuen arabera, gaixotasun mentalagatik desgaitasun ziurtagiri bat duten 14.000 pertsona daude), ez dago zalantzarik: osasun mentala lehentasuna izan behar da, prebentzioan, arazoa detektatzean eta sendatzeari ekitean. Zentzu horretan, noski, osasun gastua igo behar da, baina baita talde honen beharrei erantzuna ematen dieten baliabide sozialak ere, euren bizi proiektuak garatzen jarrai dezaten: laguntza duten etxebizitzak, eguneko zentroak, lana eta formazioa, bizitza independenterako laguntza, laguntza psikologikoa…

Datuak

-          4 pertsonatik 1ek osasun mentalaren arazoak izan edo izango ditu bere bizitzan zehar

-          2030erako patologia mota hauek desgaitasunen bat izateko kausa nagusien artean egongo dira

-          Osakidetzako datuen arabera, bi egunean behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du EAEn

-          Gizonen % 9k eta emakumeen % 17k antsietate edo depresio sintomak dituzte

-          100.000 biztanleko 6 psikologia profesional daude, europar batezbestekotik behera (100.000ko 18)

-          Fedeafes, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, osasun mentalean inbertsioak egiteko "presazko" beharra gogorarazi die instituzioei, biztanleriaren beharrak asetzeko profesional eta baliabide nahikoa izateko

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa