Gizartea -
Plateruenaren itxiera
Euskal kultura babesteko neurri "eraginkorrak" eskatu dituzte Durangon
"Plateruenaren itxiera, gertaera espezifikotik harago, sakonagoko korronte kezkagarrien adierazle da", salatu du Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduak.
eitb.eus
Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokia abenduan itxiko dutela iragarri ostean, euskaltzaleak eta herritarrak larunbat honetan bildu dira, zabalik mantentzeko konponbideak aurki ditzaten aldarrikatzeko. Horrela, dozenaka euskaltzale batu dira Plateruena aurrean, euskarak eta euskal kulturak behar dituzten "egiturazko neurri eraginkorrak" eskatzeko.
"Albiste zinez tristea da urte hauetan Plateruenako erabiltzaileak izan garenontzat, baina bereziki kezkagarria euskararentzat eta euskal kulturarentzat", adierazi du Koldo Zarate Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimendu euskaltzaleko ordezkariak.
"Plateruena ixtearekin batera, euskarak arnasgune erreferentziala galduko du eta euskal kulturak azpiegitura oso garrantzitsu bat", nabarmendu du Zaratek.
"Plateruenaren itxiera, gertaera espezifikotik harago, sakonagoko korronte kezkagarrien adierazle da", salatu du. "Eraldaketei aurre egiteko herri eta hizkuntza komunitate gisa beharrezkoa dena egiten ari ez garela sinbolizatzen du Plateruenaren itxierak", uste du EHEk.
"Oraindik ez da berandu, baina atzeratuta gabiltza, zalantzarik gabe; euskararen normalizazio prozesua ez doa ondo", erantsi duenez.