Gizartea -
Koronabirusa
Donostiako Udalak uste du ez dela bideragarria danborraden desfilea urtarrilaren 20an
Oraindik ez du bertan behera uztea erabaki "ofizialki", baina aitortu du gaur egun koronabirusaren aurka dauden neurriekin ezinezkoa dela aurrera eramatea.
agentziak | erredakzioa
Donostiako Udalak oraindik ez du erabaki "ofizialki" urtarrilaren 20an hiriko kaleetan zehar egiten diren danborradak bertan behera uztea, baina aitortu du, gaur egungo egoeran, danborradak egitea ezinezkoa dela, COVID-19aren pandemiaren aurkako segurtasun neurriak direla eta.
Udaleko iturriek azaldu dutenez, hala jakinarazi diete haurren eta helduen danborradetako ordezkariei Donostiako Festakeko ordezkariekin izandako topaketetan.
Udalak irailaren 30ean ekin zion bilera-sortari, eta udal taldeetako bozeramaileekin ere bilerak egingo dituzte San Sebastian Egunaren inguruan erabaki partekatu bat hartzeko.
Bilerak oraindik ez dira amaitu, eta, horregatik, ez dago erabaki ofizialik desfileak bertan behera uzteko, baina Udalak ohartarazi duenez, "ezin dira egin", birusari aurre egiteko osasun neurriak direla eta.
Izan ere, gaur egun indarrean dauden dekretuek nabarmen baldintzatzen dute Gipuzkoako hiriburuko egun nagusia ospatzea; alde batetik, bilerak gehienez 10 lagunera mugatzen dituztelako, eta, bestetik, ez dutelako desfileak edo antzekoak antolatzeko aukerarik ematen, eta horrek zuzenean eragiten die danborradari eta aurretiazko entseguei.