Gizartea -

COVID-19

Zegaman kezka da nagusi 17 positibo berrirekin

Udalak eraikin publikoak, parkeak eta pilotalekua itxi ditu.

Zegama (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: Ricardo Agirregomezkorta
Zegama (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: Ricardo Agirregomezkorta
Zegama (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: Ricardo Agirregomezkorta

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak ostiral honetan emandako datuak kezkarekin hartu dituzte Zegamako (Gipuzkoa) bizilagunek; izan ere, herrian COVID-19 17 positibo berri baieztatu dituzte azken orduetan. 1.550 biztanleko udalerri txikia da. Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 1.305ekoa da intzidentzia tasa bertan.

Aizkorri mendilerroaren magalean dagoen herrian hiru kasu zenbatu dituzte aurreko zazpi egunetan, egunean bakarra, baina ostegunean 17 baieztatu zituzten.

Hala ere, Joseba Izagirre Zegamako alkateak gaixotasunaren agerraldia baztertu du oraingoz. Ospakizun edo gertakari berezi batengatik kasuen kopuruak gora egitea ere baztertu du agintariak, baina “argi dago kutsatuak agertzen ari direla”.

Izagirrek azaldu duenez, Udalak eraikin publikoak, parkeak eta pilotalekua ixteko erabakia hartu zuen atzo. Herritarrak Beasainera joan dira PCR probak egiteko, eta “askok sintomak dituzte”, buruzagiak zehaztu duenez.

“Herri hau txikia da, eta probetan positiboen berri izan ondoren, Udalak erabakia hartu zuen atzo arratsaldean”, adierazi du.

Udala Osakidetzarekin harremanetan dagoela ziurtatu du Izagirrek. “Egoera aztertzen” ari dela eta dagokion erabakia bilakaeraren arabera hartuko duela jakinarazi dio Osakidetzak, baina oraingoz proba masiborik ez dute egingo.

Era berean, ostiral honetan kasuen kopuruak gora egin du Irunen. Konkretuki, 25 positibo berri atzeman dituzte, atzo 6 eta asteazkenean 11.

Azkoitian, 6 positibo berri zenbatu dituzte, atzo 23 izan zirenean. Udalerrian PCR proba masiboa egiten ari da Osakidetza.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Goierri eskualdea