Gizartea -
Koronabirusa
1.200 PCR proba Azkoitian, behaketaren bigarren egunean
Sansomendin ere arratsaldean hasi dira PCR proba masiboak egiten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak 1.200 pertsona deitu ditu ostegun honetan Azkoitian PCR proba egitera, COVID-19 kasuak atzemateko egiten ari diren baheketaren baitan. Asteazkenean 23 kutsatu berri zenbatu zituzten Gipuzkoako udalerri horretan.
Javier Zubizarreta alkateak Udalaren webgunearen bidez jakinarazi du guztira 700 proba egin zituztela atzo Gurea frontoian, gaur baino 500 gutxiago. Aurreikusitakoaren arabera, gainera, ostiral eta larunbatean ere egingo dituzte PCRak leku berean.
Izan ere, 17 eta 60 urte bitarteko azkoitiar guztiak daude deituta: 6.567 pertsona (herritarren % 56).
"Garrantzitsua da testa egitea egoera zein den jakiteko, sintomarik ez duten baina kutsatuta dauden pertsonak atzemateko eta COVID-19aren hedapena saihesteko", esan du alkateak. Halaber, baheketan parte hartzera animatu ditu herritarrak.
Zubizarretaren hitzetan, Azkoitian azkenaldian nabarmen egin dute gora kasu positiboek, agerraldirik egon ez bada ere.
Hain zuzen ere, astebetean 46 kasu berri atzeman dituzte. Horrek esan nahi du 100.000 biztanleko 700 kutsatze izan direla azken 14 egunetan.
PCR probak Sansomendin (Gasteiz)
Gasteizko Sansomendi auzoko 17 eta 60 urte bitarteko bizilagunak ere PCR probak egitera daude deituta. Baheketa gaur arratsaldean hasi dute Arabako Ospitalean.
Osasun Batzordean aldez aurretiko hitzordua eskatu ahal dute proba egin nahi dutenek, baina txandarik hartu gabe ere posible izango dute PCRa egitea, osteguna eta astelehena bitartean. Sansomendin 20.000 pertsona inguru bizi dira.
PCRen emaitzak SMS mezu bidez jakinaraziko dituzte.