Gizartea -
''30 EMAKUME AHAZTEZIN''
Historiari egindako ekarpena aitortu die Emakundek 30 emakumeri, erakusketa batean
Elena Ciordia artistak Euskal Herriaren historiako emakumeak erretratatzen ditu, 30 akuarelaren bitartez. Erakusketa Bilboko Euskal Museoan ikusi ahal izango da urtarrilaren 13ra bitartean.
EITB.EUS
Gaurtik hasi eta urtarrilaren 13ra bitartean, "30 emakume ahaztezin-30 mujeres inolvidables" erakusketa ikusgai izango da Bilboko Euskal Museoan, Emakundek antolatuta. Erakusketa horretan, Elena Ciordia artistak Euskal Herriaren historiako emakumeak erretratatzen ditu, akuareletan.
Guztira, 30 akuarela dira, hainbat diziplinatan nabarmendu diren emakumeenak: literatura, bertsolaritza, pintura, argazkigintza, kirola, musika, fisika, politika, etab. Akuarela horiek beste ikus-entzunezko material eta elementu batzuekin osatzen dira, emakume horien bizitzari buruzko informazioa zabalagoa eskainiz.
Akuareletan erretratatutako emakumeez gain, erakusketa bisitatzen dutenei gonbidapena egingo zaie beste emakume ahaztezinen izenak emateko. Herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte erakusketan bertan dagoen panel baten bitartez.
Ekarpen hori #mujeresinolvidables #emakumeahaztezinak traola erabiliz ere egin ahal izango da sare sozialetan.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren hitzetan, "luzaroan izan duten errekonozimendu faltak ikusezin bihurtu ditu kasu askotan emakumeak". "Erakusketa honek guztiak omendu nahi ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu zirenak, baina, aldi berean, hain aitortuak ez diren beste lan batzuetan bizitzari eustea ahalbidetu dutenak ere omendu nahi ditu", azpimarratu du.