Gizartea -

Koronabirusa

Azkoiengo, Faltzesko eta Funesko aparteko neurriak astebete luzatuko dituzte

Urriaren 8an hasita luzatuko dute epea, joera epidemiologiko ona egonkortzeko asmoz. Faltzesen eta Funesen, hala ere, mugikortasun mugak kenduko dituzte.

Azkoiengo kaleak desinfektatzen. Argazkia: Efe
Azkoiengo kaleak desinfektatzen. Argazkia: Efe
Azkoiengo kaleak desinfektatzen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Osasun Departamentuak, Azkoiengo, Faltzesko eta Funesko udalekin adostuta, koronabirusari aurre egiteko aparteko neurriei beste astebetez, urriaren 8an hasita, eustea erabaki du, joera epidemiologiko ona egonkortzeko asmoz.

"Duela gutxi oinarrizko osasun-eremu bera osatzen duten herri horietan atzemandako COVID-19aren eragin handiari aurre egitea" da helburua, baina, Faltzesen eta Funesen kasuan, kasuetan beherakada izan denez, mugikortasunaren mugak ezabatu egingo dituzte; ez, ordea, Azkoienen.

Foru Gobernuak jakitera eman duenez, zonaldearen bilakaera epidemiologikoa ona da, baina Azkoienen kasuen maila altua dute oraindik; beraz, herri horretan irailaren 23an onartutako eta astebete geroago berritutako murrizketek bere horretan jarraitzen dute.

Neurri horiek eremu publiko eta pribatuetako ordutegiei, edukierei eta pertsona-taldeei eragiten diete, mugak ezartzen dituzte herriko sarrera-irteeretan, eta ezinbesteko joan-etorrietarako bakarrik onartzen dira.

Faltzesen eta Funesen, berriz, egoerak hobera egin izanak mugikortasunari ezarritako mugak (irailaren 29an argitaratutako foru-aginduak ezarritakoak) kentzea ahalbidetu du, baina gainerako murrizketei eutsi egin zaie bi udalerrietan.

Irailaren 28an, 14 egunerako metatutako intzidentzia Azkoienen 100.000 biztanleko 4.870ekoa zen, eta balio hori pixkanaka murriztu da, nahiz eta aste honen hasieran 4.000tik gorakoa izan (100.000 biztanleko 4.056koa).

Faltzesen, 14 egunetan metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 1.598 kasu izatetik 1.123 izatera igaro da; Funesen ere, onera egin du, 100.000 biztanleko 1.393 kasutik 904ra murriztu baita.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Azkoien Koronabirusa Osasunbidea gaur