Gizartea -

NAFARROA

925 ikaslek eta 10 ikastetxek parte hartuko dute "Sarean Euskaraz" programan

Hezkuntza zentroetan egingo diren jardunaldien osagarri gisa, Nafarroako Gobernuak IKTen inguruko doako ikastaroak antolatu ditu hainbat herritan, euskaraz, urriaren 13tik azaroaren 15era bitartean.

Ordenagailu eramangarri bat. Artxiboko argazkia: EFE
Ordenagailu eramangarri bat
Ordenagailu eramangarri bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Sarean Euskaraz" proiektuaren laugarren edizioan 925 ikasle nafarrek, 10 ikastetxek eta 23 udalerrik parte hartuko dute. Proiektuaren helburuak honakoak dira:  Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) eremuan euskararen erabilera ezagutaraztea eta sustatzea eta euskarazko kultura digitala bultzatzea.

Nafarroako Gobernuak bultzatzen du ekimena, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren bitartez. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari gerenteak eman dituzte proiektuaren inguruko azalpenak, prentsa agerraldi batean.

"Gazteak eta euskara, eta teknologia berriak, horiek dira 2016tik Sarean Euskarazi bizitza eman dioten ardatz nagusiak", esan du Ollok. Haren esanetan, gazteak "gero eta euskaldunagoak eta plurilinguagoak" diren agertoki batean, "beren hizkuntzak mundu digitalean ere lekua duela egiaztatzeko espazioak eskaini" behar zaizkie. Gainera, Euskarabidearen eta hainbat hiriren eta herriren ahalegina eskertu du, "Sarean Euskaraz Nafarroa osora zabaltzea ahalbidetu dutelako".

Arregik, bere aldetik, aurtengo edizioan parte-hartzaile kopuruak gora egin duela azpimarratu du, bai ikastetxeen zenbatekoak eta baita ikasleenak ere.

"Sarean Euskaraz" programaren bitartez, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 925 ikaslek parte hartuko dute ikastetxeetan antolatu diren zortzi tailer praktikoetan.

Iaz hasitako bideari jarraituz eta ikastetxeetako jardunaldien osagarri gisa, Nafarroako Gobernuak IKTen inguruko doako euskarazko ikastaroen ziklo bat ere antolatu du, urriaren 13tik azaroaren 15era, 23 udalerritan. 25 ikastaro izango dira: hiru Iruñean eta gainerakoak beste udalerri batzuetan.

IKTen erabiltzaile aktiboenak diren aldetik, programa bereziki 12 urtetik gorako gazteentzat pentsatuta dago, baina gaian interesa duen edonork parte har dezake.

COVID-19ak eragindako osasun-larrialdi egoera dela eta, aretoen edukiera % 50era mugatu da. Ondorioz, herri bakoitzeko parte-hartzaile kopurua aldakorra da, gehienez ere 20.

Euskarabideak Udaletako euskara-zerbitzuen laguntzarekin garatutako proiektua denez, matrikulazioa doakoa da eta udal-instalazioak erabiliko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Teknologia Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntzako albisteak 2024