Gizartea -
2020ko Espainiako Itzulia
Arrate eta Urduña publikorik gabe igoko dituzte Espainiako Itzulian
Bi leku horietan, oso zaila da pertsonen arteko segurtasun-distantzia bermatzea. Lasterketa urriaren 20tik azaroaren 8ra bitartean jokatuko da.
EITB.EUS
Arrateko eta Urduñako mendateak (urriaren 20ko eta 27ko etapak) jenderik gabe igotzea erabaki dute Eusko Jaurlaritzak eta Vueltako antolatzaileek. Urkulluren Exekutiboak uste du egungo egoera epidemiologikoak ez duela ahalbidetzen ikusleak lasterketa ikusteko baldintza egokiak izatea. 2020ko Espainiako Itzulia urriaren 20tik azaroaren 8ra bitartean jokatuko da, Irunen hasi eta Madrilen amaituta.
Bi mendate horien ezaugarri orografikoek oso zail egiten dute pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzea, eta lasterketan zehar, beste leku batzuetan, aldiz, protokolo zorrotzen bidez berma daiteke.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri du Osasun sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Agindua, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa. Bertan ezartzen denez, errepideko txirrindularitzarako, aldez aurretik mugatu behar da ekitaldia egingo den espazioa edo ibilbidea. Pertsonen artean 1,5 metroko distantzia gorde behar da ikusleen edo parte-hartzaileen artean, eta nahitaezkoa da maskara erabiltzea..
Arratera urriaren 20an iritsiko dira, Vueltaren lehen egunean, Irundik hasi eta Arrateko Santutegian baitute etapa. Urduñako mendatea, berriz, Gasteizen hasi eta Uribarri Gaubean amaituko den zazpigarren jardunaldian igo beharko dute txirrindulariek.