Gizartea -

OSASUNA

Nori komeni zaio gripearen aurkako txertoa jartzea?

Txertatzea ez da derrigorrezkoa baina aurten osasun agintariek bereziri gomendatzen dute, COVID-19aren pandemiarekin bat egingo duelako, batez ere.

Erizain bat gripearen kontrako txertoa jartzen emakume bati. ETBren bideo batetik hartutako irudia.
Erizain bat gripearen kontrako txertoa jartzen emakume bati.
Erizain bat gripearen kontrako txertoa jartzen emakume bati. ETBren bideo batetik hartutako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 5ean hasi zen gripearen kontrako txertaketa kanpaina Nafarroan. Euskal Autonomia Erkidegoan, urriaren 13an ekingo zaio herritarren txertaketari, baina aurrez, zahar etxeetako egoiliar eta langileak txertatzen hasi dira, baita osasun langileak ere.

Txertatzea ez da derrigorrezkoa baina aurten osasun agintariek bereziri gomendatzen dute, COVID-19aren pandemiarekin bat egingo duelako, batez ere.

Gripearen kontrako txertoa hartzea da gaitza ekiditeko neurririk eraginkorrena, eta infekzioa eragozten ez badu ere kasu guztietan, gaixotasunaren larritasuna eta hark eragindako arazoak asko murrizten ditu.

Osakidetzak (EAE) herritar hauei gomendatzen die gripearen aurkako txertoa jartzea:

- 65 urte edo gehiagoko pertsonei.

- 65 urtetik beherako pertsonei, ondorengo arazo hauetakoren bat izanez gero:

      *Aire Fluxuaren Butxadura Kronikoa (A.F.B.K.)      *Diabetesa.      *Kardiopatia kronikoa      *Gaixotasun hepatiko kronikoa.      *Giltzurrun gaixotasun kronikoa.      *Izaera kronikoko beste patologia batzuk.      *Terapia immunoezabaitzailea hartzen duten pazienteei.      *Drepanozitosia eta beste hemoglobinopatia batzuk dituzten haurrrei.      *Azido azetilsalizilikoarekiko iraupen luzeko tratamenduan dauden haurrei.

- Haurdun dauden emakumeei.

- Osasun langileei.

- Hegazti etxaldeetako langileei.

Osasunbideak (Nafarroa) herritar hauei gomendatzen die gripearen aurkako txertoa jartzea:

- 60 urte edo gehiagoko pertsonei.

- Egoitzetan bizi diren pertsonei (agureak edo gaixo kronikoak).

- Gaixotasun kronikoak dituzten 6 hilabetetik gorako haurrei eta pertsona helduei:

      *Diabetes mellitusa.      *Giltzurrun gaixotasunak.      *Hemoglobinopatiak eta anemiak.      *Asplenia      *Giltzurrun gaixotasun kronikoa.      *Gaixotasun neuromuskular larriak eta gaitz immunosupresoreak dituztenei (VIH infekzioak eragindakoa eta transplantea jasotzeko zain daudenena barne)      *Disfuntzio kognitiboa eragiten duten gaixotasunak dituztenei (Down sindromea eta dementziak).

- Obesitate morbidoa duten pertsonei (40ko gorputz masa indizea eta handiagoa dutenak).

- Aspirinarekin tratamendu luzean egon diren 6 hilabetetik 18 urtera bitarteko pertsonei.

- Haurdun dauden emakumeei.

- Osasun langileei.

- Adinekoak edo gaixo kronikoak zaintzen dituzten egoitzetako langileei.

- Adineko pertsonak edo gaixo kronikoak euren etxeetan zaintzen dituzten langileei eta horiekin bizi diren pertsonei.

- Oinarrizkoak diren lan komunitarioak egiten dituzten langileei: Estatuko Segurtasun Indarrei, suhiltzaileei, babes zibileko kideei eta espetxeetako langileei.

Nor ez da txertatu behar?

- Arrautzari alergia dioten pertsonak, arrautzaren proteinari hipersentsibilitatea diotenak edo aurrez gripeaz txertatu eta erantzun alergikoa izan duten pertsonak.

- Sei hilabete baino gutxiagoko umeak.

- Sukarra eragin duen gaixotasun bat izanez gero, gorputza bere onera itzuli arte itxaron behar da txertatzeko.

Zergatik txertatu behar da urtero?

Txertoarekin sortutako antigorputzak gutxitzen joaten dira denbora pasa ahala eta gerta liteke ez izatea nahikoa babes hurrengo udazkena iristen denean. Gainera, gripearen birusaren garapen prozesu normalean aldaketa batzuk gertatzen dira urtero, eta, horregatik, urtero aldatu behar da txertoaren osaera, denboraldi bakoitzean ibiliko denari modu eraginkorragoan aurre egiteko.

Nora jo behar da txertatzera?

Arrisku taldeetakoak direlako txertatzea gomendatzen zaien pertsonak euren Osasun Zentrora joan behar dute. Arrisku taldeetan egon baina euren zentrora joan ezin diren pertsonak euren etxeetan txertatuko dituzte eta egoitzetan bizi direnei egoitzetan emango diete txertoa.

Enpresa batzuek euren langileei txertoa jartzeko aukera ematen diete lan zentroan bertan.

Zerez egina dago gripearen kontrako txertoa?

Datorren neguan indarrean egoteko aukera gehien duten birusak ordezkatzen dituzten hiru andui ditu gripearen txertoak (A motako bi eta B motako bat). Txerto gehienak oiloen arrautza enbrionatuetan ondutako birusetatik sortzen dira, gero inaktibatuz eta zatikatuz.

Gripearen birusaren zaintza kontroletatik ateratako datuekin, Munduko Osasunaren Erakundeak txertoak izan beharko lukeen edukiaren inguruko aholkuak argitaratzen ditu.

Eraginkorra al da gripearen txertoa?

Heldu gehienek antigorputz kantitate handia garatzen dute txertoaren dosi bat jaso eta gero. Antigorputz horiek txertoan sartuta dauden birusen antzekoen aurrean dira soilik babesleak.

Bi faktorek zehazten dute, batez ere, txertoaren eraginkortasuna gaixotasunetik babesteko:

- Txertatutako pertsonaren adinak eta osasun egoerak.

- Txertoan sartutako eta zirkulazioan dabiltzan birusen arteko antzekotasunak.

Indarrean dauden birusen eta txertoan sartutakoen arteko kointzidentzia altua denean, txertoak gripea harrapatzea ekiditen du osasuntsu dauden 65etik beherako pertsonen %70-90en kasuan. 65etik gorako pertsonen kasuan edo gaixotasun kronikoak dituztenen kasuan, eraginkorra da gripeak sor ditzakeen konplikazioak gutxitzeko. Alegia, pertsona horien ospitaleratzeen %50-60 ekidin daitezke eta heriotzen %80 txertoa hartuta, Espainiako Osasun Publikorako Batzordearen arabera.

Talde horietan, gaixotasuna ekiditeko duen eraginkortasuna %30-40koa da, baina garrantzitsua da jakitea gaixotasuna hartu, hartu daitekeen arren, txertatuta egoteak askoz ere arinago pasatzea ekarriko diola txertoa hartu duenari.

Zeintzuk dira gripearen kontrako txertoaren arriskuak?

Gripearen kontrako txertoak kalte larria sortzeko arriskua benetan txikia da. Hala ere, edozein botikak bezala, ondorioak izan ditzake.

Ondoriorik ohikoena ziztada jaso den lekuan azkura edo mina izatea da. Erreakzio horrek 48 ordu baino gutxiago irauten du.

Sukarra, ondoeza eta/edo giharretako mina ere ager daitezke batzuetan; 12 urtez azpiko haurrengan, lehen aldiz txertatzean, bereziki. Lehen 6-12 orduetan agertzen dira sintoma horiek eta 48 ordu irauten dute gehienez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Gripea Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea