Gizartea -
Osasuna
Hasi dira gripearen aurkako txertoa jartzen Hego Euskal Herrian
Euskal Autonomia Erkidegoko kanpaina orokorra urriaren 13an abiatuko da, baina gaurtik aurrera adinekoen egoitzetako egoiliarrei eta langileei eta Osakidetzako osasun langileei jarriko diete.
eitb.eus
Gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpainak gaur, urriaren 5ean, hasi dira Nafarroako Foru Erkidegoan, modu orokorrean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) adinekoen egoitzetan eta osasun langileen artean. Txertoa jartzea ez da derrigorrezkoa, baina agintariek bereziki gomendatzen dute aurten, batez ere arrisku taldeei, COVID-19aren pandemiagatik.
Normalean urria eta azaroa bitartean hasten badira ere, aurten aste batzuk aurreratu dituzte, urriaren 5era Nafarroan eta hilaren 13ra EAEn. Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen egoitzetan, baina, gaur bertan ekingo diote egoiliarrak eta langileak txertatzeari.
Helburua, urtero bezala, kutsatzeak eta heriotzak murriztea da. COVID-19aren eta gripearen infekzio bikoitz batek heriotza arriskua bikoiztu egingo luke. Horrenbestez, gripearen aurkako txertoa jartzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela ohartarazi dute.
Nafarroan, lehenago
Urriaren 5etik azaroaren 27ra arte luzatuko da kanpaina Nafarroan. 270 000 dosi ditu Osasun departamenduak, hau da, iaz baino kopuru bikoitza (126.000), Santos Indurain kontseilariak azaldu zuenez.
Ohi legez, gripeak osasunean eragin gehien izan dezakeen pertsonei dago zuzenduta bereziki, hau da, 60 urtetik gorakoei, haurdun daudenei, helduei eta osasun-arazo kronikoak dituzten sei hilabetetik gorako haurrei. Arazo horiek, besteak beste, honako hauek dira: kardiobaskularrak, diabetesa, obesitate morbidoa, giltzurrunetako gaixotasunak, gibelekoak, neuromuskularrak, immunogutxitzea eta minbizia.
Halaber, gripea arrisku-baldintzak dituzten pertsonei kutsa diezaieketen pertsonei ere txertoa jartzeko eskatu die Nafarroako Foru Gobernuak. Hori dela eta, garrantzitsua da osasun-langileek ere txertoa jartzea. Gainera, txertaketa langile soziosanitarioentzat ere gomendatzen da, baita etxeko zainketakoentzat ere, eta baita etxean arrisku handiko pertsonekin bizi diren adin txikikoentzat ere.
Txertoa bereziki egokia da, halaber, hezkuntza-maila guztietako irakasleentzat, segurtasun-indarretako kideentzat, suhiltzaileentzat, babes zibileko zerbitzuentzat, osasun-larrialdietako langileentzat, espetxeetako langileentzat eta ebazpen judizial bidez barneratze-zentroetako langileentzat.
Nafarroako osasun-zentro gehienetan eska daiteke jada txertoa jartzeko hitzordua.
EAEn adinekoen egoitzetan hasiko da
Kanpaina orokorra urriaren 13an hasiko da EAEn, baina astebete lehenago hasiko da arriskurik handiena duten gizataldeen artean.
Gaur ekin diote, ostera, adinekoen egoitzetako erabiltzaileei zein langileei eta Osakidetzako osasun-langileei txertoak jartzeari. Gainerako arrisku taldeetako pertsonak 13an izango dituzte txertoak eskuragarri.