Gizartea -
Mobilizazioa
Osakidetzako sindikatuak Bilboko manifestazioan: "Honaino heldu gara"
Hiru zutabek osatu dute manifestazioa segurtasun distantzia mantentzeko. Eusko Jaurlaritzaren bi egoitza nagusiak lotu ditu protestak, Jesusen Bihotzetik Bizkaia plazara.
eitb.eus
Osakidetzako eta haren azpikontratako sindikatuek Gotzone Sagardui Osasun sailburuari ohartarazi diotenez, mobilizazio gehiago deituko dituzte, osasun publikoaren egoerari irtenbiderik eman ezean.
“Honaino heldu gara”, azpimarratu dute sindikatuek Bilbon deitutako manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuan zein protestaren pankartan.
Hiru zutabek osatu dute manifestazioa segurtasun distantzia mantentzeko. Eusko Jaurlaritzaren bi egoitza nagusiak lotu ditu protestak, Jesusen Bihotzetik Bizkaia plazara.
Manifestazioa SATSE, ELA, LAB, Sindikatu Medikoak, CCOO, UGT eta ESKk deitu dute, “Kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde”, lelopean.
Ordubeteko iraupena izan du protestak. Podemoseko eta EH Bilduko buruzagiek, eta Raul Arza eta Loli Garcia UGTko eta CCOOko idazkari nagusiek, hurrenez hurren, parte hartu dute manifestazioan.
Protesta hasi baino lehen, deitzaileek manifestu bat irakurri dute. Sindikatuen hitzetan, Osakidetzak “egiturazko defizita” du, eta lehen arreta eta arreta espezializatua “hilzorian” daude.
“Murrizketek egoera honetara eraman gaituzte, Eusko Jaurlaritzak ez du osasun sistema sendotu, eta egiturazko erreformak premiazkoak dira”, adierazi dute.
Beharginen ordezkarien esanetan, “urteak eman ditugu langile gutxirekin” eta COVID-19aren pandemiaren “aitzakiak” ezin du “egiturazko defizit” hori ezkutatu.
Azpikontratazioaren bidez osasuna “pribatizatzeari” uztea, behin-behinekotasuna murriztea, lan kargak murriztea profesionalak “akituta” daudelako, babes neurriak areagotzea eta behargin kopurua areagotzea eskatu dute sindikatuek.
“Osakidetzaren muturreko egoerak guztiei eragiten digu”, nabarmendu dute.
Datorren astean hasiko da Eusko Jaurlaritza banan bana sindikatuekin biltzen, baina oraindik ez dute hitzordurik, medikuen sindikatuak, esaterako, ez du bilera deirik jaso, Mabel Artziniega ordezkariak Euskadi Irratian adierazi duenez.
Osakidetzan "muturreko egoeran" ari direla lanean salatu dute. Ilaran, banan-banan eta distantziak gordez egin dute protesta.
Sindikatu guztiek eta beharginek arreta zerbitzua bermatzeko "zailtasunak" dituztela azpimarratu dute.
Azken asteotan, zentroen atarietan egin dituzte protestak. Gaur, Bilboko erdigunera irten dira. Manifestazio amaieran elkarri txalo egin diote manifestariek. Gaur, ordea, ez dira konfinamendu garaian balkoietan entzundako txaloak entzun.