Gizartea -
Indarkeria matxista
Tratu txarren salaketek behera egin zuten alarma egoeran Hego Euskal Herrian
Itxialdian biktimek izandako "egoera dramatikoa" nabarmendu du indarkeria matxistaren aurkako Behatokiko presidenteak. Egoera hori "oztopo bat gehiago" izan zen salaketa aurkezteko orduan.
Agentziak
Genero indarkeriagatik jarritako salaketek behera egin zuten Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, urteko bigarren hiruhilekoan, alarma egoera indarrean zegoenean hain justu. Zehatz jarrita, EAEn % 11,2 jaitsi ziren, eta % 2,9, Foru Erkidegoan, betiere 2019ko epe bereko datuekin alderatuta.
Angeles Carmona Etxeko zein Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiko presidenteak (Botere Judizialeko Kontseilu Nagusia) uste du beherakada hori biktimek itxialdian bizitako "egoera dramatikoaren" ondorio dela, tratu txarrak ematen zieten gizonezkoekin bizi behar izan zuten, eta hori "oztopo bat gehiago" izan zen "laguntza eskatzeko eta salaketa jartzeko".
Bigarren hiruhilekoaren txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian 1.754 salaketa aurkeztu ziren (1.286 EAEn eta 468 Nafarroan). Biktima gisa aitortutako emakumeen kopuruak ere behera egin zuen EAEn eta Nafarroan, % 11,3 eta % 2,5, hurrenez hurren. Horietatik 108 emakumek deklaratzeko betebeharraz salbuesten dituen dispentsa erabili zuten; kopuru horrek beherakada nabarmena izan zuen (% 30ekoa EAEn eta % 64,7koa Nafarroan).
100.000 emakumeetatik indarkeria matxistaren biktima diren tasa % 10,9an kokatu zen EAEn, eta apur bat gorago (% 13,7) Foru Erkidegoan.
Epaitegiei dagokienez, EAEn genero indarkeriagatik emandako epai gehienak (% 92) zigor epaiak izan ziren, iazko epe berean jasotakoen ia beste. Horrez gain, biktimak babesteko 72 agindu ebatzi zituzten, 2019ko bigarren hiruhilekoan izandakoen ia erdia. Nafarroan, 126 agindu eman zituzten epaileek, iaz baino apur bat gehiago.
Lehen aldiz, biktimen seme-alaben estatistika jakinarazi du Botere Judizialak. Bigarren hiruhilekoan, Espainiako Estatuan 312 adingabe babestu behar izan zituzten. Behatokiko presidentearen arabera, datu horrek agerian utzi du amatasunak are zaurgarriago egiten dituela indarkeria matxistaren biktimak.