Gizartea -
''Phishing''a
Nafarroan Correos izenean egiten ari diren iruzurraz ohartarazi dute
Nafarroako Guardia Zibilaren esanetan, salaketak jaso dituzte azken egunetan. Pakete bat jasotzearen truke dirua eskatzen zaien mezu bat helarazten diete biktimei.
EITB.EUS
Nafarroako Guardia Zibilak ohartarazi duenez, Correosen izenean "phishing" kanpaina bat ari dira egiten foru erkidegoan. Iruzurgileek biktimen dirua eta banketxeko datuak lortzea dute helburu. Duela hilabete batzuk ere ohartarazi zuten iruzur horretaz, baina azken egunetan salaketa gehiago jaso dituzte.
Guardia Zibilak ohar batean azaldu du biktimek SMS mezu bat edo helbide elektronikoaren bidez jasotzen dute iruzurraren berri. Mezuotan jakinarazten dietenez, pakete bat dute jasotzeko, baina aurrena bidalketa gastuak ordaindu behar dituzte. 1,80 eta 2,99 euro artean eskatzen diete.
Ordainketa egiteko helbide elektroniko bat helarazten zaie biktimei, eta bertan sakatuta, iruzurgileek biktimaren banketxeko datuak lortzen dituzte.
Guardia Zibilaren esanetan, "iruzurgileek diru kopuru txikia eskatzen dute, baina amarrua baino ez da erabiltzaileen banketxeko datuak lortzeko eta gerora gastu handiagoak egiteko".
Gogorarazi dutenez, Correosek ez du inoiz dirurik eskatzen SMS edo helbide elektroniko bidez. Hala, iruzur horren biktima izan daitezkeenei salaketa jartzeko eskatu diete.