Gizartea -
Sexu-abusuak
Sexu-abusuengatik zigortutako Gazteluetako irakasleak errugabea dela berretsi du
Bi urteko kartzela-zigorra ezarri diote ikasle bati sexu-gehiegikeriak egin zizkiolako. Hala ere, errugabea dela dio eta Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzea aztertuko du haren abokatuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Leioako Gaztelueta ikastetxeko irakasleak bere errugabetasuna frogatzeko "ahal duen guztia" egingo duela esan eta bere abokatua Auzitegi Konstituzionalera jotzea aztertzen ari dela iragarri du.
Adin txikiko ikasle bati sexu-abusuak egiteagatik bi urteko kartzela-zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Gorenak. Erasoak 2009 eta 2011 urteen artea gertatu ziren. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 11 urteko espetxealdia ezarri zion, baina orain Gorenak zigorra murriztu du, akusatuaren errekurtsoa partzialki onartuta.
Gaur, irakasleak gutun bat argitaratu du, ebazpen hori beretzat "kolpe handia" izan dela esanez, zigorra 11 urtetik bira murriztu badiote ere.
"Duela bederatzi urte akusatu ninduten eta harrezkero susmopean eta baztertuta bizi izan naiz. Nik ez dut delitu izugarri hori egin. Hau guztia kristauaren ikuspegiarekin eramaten saiatu naiz, gorrotorik gabe eta barkatuz", adierazi du.
"Lagun batzuek zoriondu egin naute, asmo onez, baina zorion mezu horiek min egin didate, errugabea naizelako eta ezin naizelako poztu kartzelan denbora gutxiago eman beharko dudalako", erantsi du.
Hala, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko aukera aztertzen ari da bere abokatua. "Ahal dudan guztia egingo dut errugabea naizela frogatzeko", azpimarratu du.