Gizartea -

KORONABIRUSA

Positiboen tasa % 5etik gorakoa da Euskadin, astebetean lehen aldiz

Kutsatzeen kopurua 479tik 354ra jaitsi da Euskadin azken orduetan. Nafarroan 258 positibo berri, 3 heriotza eta 4 ospitaleratze izan dira.

Hospital Donostia. Argazkia: EFE.
Hospital Donostia
Hospital Donostia. Argazkia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren ondorioz Euskadin egunero atzematen diren kutsatzeen kopurua aurreko eguneko 479tik 354ra jaitsi da, baina 3.635 PCR proba gutxiago egin zituzten bezperan; beraz, positibotasun tasa % 5etik gorakoa da astebetean lehen aldiz, % 5,8an kokatu baita.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitara eman ditu pandemia EAEn izaten ari den bilakaerari buruzko azken datuak, igandean 6.061 PCR test eta larunbatean 9.696 egin ondoren. Horrela, positiboen ehunekoa % 5etik gorakoa da, hau da, taldeko transmisioaz hitz egitea saihesteko jotzen den gehienezko zifra.Ospitaleetako egoerari dagokionez, igandean zainketa intentsiboetako unitateetako oheetan ospitaleratutako pertsonen kopurua 50etik 55era igo zen, eta gela arruntetan ospitaleratze berriak 20tik 24ra igo ziren. Guztira 328 gaixo daude ospitaleratuta, hau da, larunbatean baino 23 gehiago.R0 indizeak, gaixo batek kutsa dezakeen pertsona kopurua adierazten duena, gora egin du apur bat asteburuan, baina 1etik behera mantendu da, ostiraleko 0,88tik larunbateko 0,91ra eta igandeko 0,92ra igaro baita.Lurraldez lurralde aztertuta, 354 positibo berri horietako 176 Bizkaian atzeman dituzte (aurrekoan baino 96 gutxiago), 90 Gipuzkoan (15 gutxiago) eta 74 Araban (18 gutxiago). Gainera, autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren beste 14 herritarrek eman dute positibo probetan (4 gehiago).Hiru probintzietan ikusten den kasu berrien beherakada hori ohikoa da astelehenero errepikatzea, igandean nabarmen jaisten baita egiten diren PCR proben kopurua.Bizkaian, 59 kasu atzeman zituzten atzo Bilbon (-34), eta hiriburutik kanpo izan zuten eraginik handiena metropoli-eremuko herrietan: Portugaleten 16 positibo atzeman zituzten (+11), Santurtzin 10 (+10), Getxon 10 (-2) eta Sestaon 9 (-1). Barakaldon, berriz, 45 positibo atzeman zituzten bezperan.Araban, kutsatze gehienak (67) Gasteizen izan ziren, larunbatean baino 10 pertsona gutxiagok eman baitzuten positibo; eta Gipuzkoan 23 kasu berri izan ziren Donostian (+7), 8 Errenterian (aurreko eguneko kopuru bera) eta 7 Azkoitian (1 gutxiago).

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrolerako Programaren koordinatzaileak agerraldia egingo du gaur arratsaldean Gasteizen, pandemiak Euskadin izan duen bilakaera zehatzago aztertzeko. 

Nafarroak 258 kasu positibo atzeman ditu

Foru Erkidegoko Osasun Sailak 258 kasu berri atzeman zituen atzo, 3.054 PCR proba eginda (% 8,4k eman zuten positibo), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak astelehen honetan emandako datuen arabera.

Halaber, hiru pertsona hil ziren atzo COVID-19aren ondorioz, 82 urteko emakume bat eta 78 eta 95 urteko bi gizon, eta lau ospitaleratu zituzten horrekin lotuta.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian erregistratu ziren positiboen % 54, Tuterako merindadean kasuen % 12, eta Lizarran % 8. Gainerako positiboak Nafarroako beste eremu batzuetan atzeman zituzten.

Adin-tarteei dagokienez, atzokoan 15-29 urtekoen taldea (% 30) eta 30-44 urtekoen (% 25) izan ziren nagusi. Jarraian, 45-59 urtekoen taldea dago (% 18), eta 15 urtetik beherakoena gero (% 13). Ondoren, 60-75 urtekoen taldea dago (% 8); eta, azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea (% 6). Kasu berrien batez besteko adina 36,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 54 emakumeak dira eta % 46 gizonak.

Osasunaren ikuspuntutik, atzo lau pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan COVID-19aren ondorioz, baina batere ez zainketa intentsiboetako unitateetan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 17.500 pertsona kutsatu eta 570 pertsona hil dira guztira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak gaur Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Osasunbidea gaur