Gizartea -
LAN GATAZKA
Gipuzkoako egoitzetako lan gatazkan esku hartzeko eskatu diote berriz ere Aldundiari
Azpeitian emandako prentsaurrekoan, egoiliarren senideek Gipuzkoako udal guztietan aurkeztu duten mozioa irakurri dute. Gatazkan inplikatzeko eta egoiliarren ratioak jaisteko eskatu diote Aldundiari.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Senideak, erresidentzietako egoiliarren senideek osatzen duten elkarteak, elkarretaratzea egin zuen larunbatean Azpeitian, zentro horiek duten egoera salatzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskari argia egiteko: "eser ditzala gatazka honetan zerikusia duten alde guztiak mahai batean, irtenbide adostu eta eraginkorra lor dezaten behingoz".
243 egunez greban egon ondoren, lanuztea bertan behera utzi zuten Gipuzkoako erresidentzietan, pandemia dela eta, baina datorren urriaren 6an berriz ere greba deitu dute ELAk eta LABek, gatazkak bere horretan jarraitzen duelako. Erresidentzietako langileek 2012tik lan hitzarmen kolektiborik ez dutela eta langileen lan baldintzak duinak ez direla salatzen dute.
Azpeitian emandako prentsaurrekoan, egoiliarren senideek Gipuzkoako udal guztietan aurkeztu duten mozioa irakurri zuten. Testu horretan, batetik, lan gatazkan inplikatzeko eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta, bestetik, atentzio ratioak birpentsatzeko eskatzen diote.
"Gipuzkoako Foru Aldundiak gatazka honetan zerikusia duten alde guztiak mahai batean eser ditzala, irtenbide adostu eta eraginkorra lor dezaten behingoz. Ez dugu ahaztu behar gatazka honen ondorioak jasaten dituztenak erresidentzietan bizi direnak direla", ohartarazi dute.