Gizartea -

KORONABIRUSA

Positibo berriek behera egin dute Hego Euskal Herrian

Euskadik positibo berrien beherakada nabarmena izan du, 383 kasurekin. Nafarroan 314 kasu zenbatu dituzte. Gainera, PCR proben gaineko positiboen portzentajea jaitsi egin da EAEn, % 4,2raino.

Argazkia: EFE.
Jendea maskararekin kalean
Kutsatuen tasa %4,2an dago gaur eta transmisio indizea, 0,92an

1:14

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren ondorioz Euskadin egunero atzematen diren kutsatzeen kopuruak behera egin du nabarmen: 383 kasu zenbatu dira, aurreko egunean (518) baino 135 gutxiago. Egindako proben emaitza positiboen portzentajea ere jaitsi egin da, % 4,7tik % 4,2ra.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan eman dituen datuen arabera, ostegunean 9.118 PCR proba egin zituzten, aurreko egunean baino 1.707 gutxiago.

Hala, 159 kutsatze atzeman dituzte Bizkaian (aurreko egunean baino 70 gutxiago); Araban, berriz, 70 (bederatzi gutxiago), eta Gipuzkoan 141 (41 gutxiago).

Hiru probintzietan, hiriburuetan atzematen dituzte kutsatu berri gehien: 57 Gasteizen, 62 Bilbon eta 40 Donostian. Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren 13 pertsonak eman dute positibo, aurreko egunean baino 15 gutxiago.

Kutsatu berrien kopuruak eta positiboen tasak behera egiteaz gain, ospitaleratutako pertsonen kopuruak ere behera egin du.

EAEko ospitaleetan 314 gaixo daude ospitaleratuta COVID-19aren eraginez; asteazkenean, berriz, 330. Ostegunean, 28 pertsona ospitaleratu zituzten, eta, gaur egun, 46 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan (aurreko egunean baino sei gutxiago).

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

R0 indizea, gaixo batek kutsa dezakeen pertsona kopurua adierazten duena, batetik behera mantentzen da, eta azken orduetan 0,92ra jaitsi da.

Nafarroan 314 positibo eta heriotza bat zenbatu dituzte

Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak 314 kasu berri atzeman zituen atzo. Horrez gain, 71 urteko gizon bat hil zen eta 14 ospitaleratze izan ziren, horietako bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, sistema publikoan PCR gehien egin zen eguna izan zen atzokoa, 3.799 probarekin. Horietatik, % 8,2 izan ziren positiboak.

Nafarroako osasun sare integratuak, alta eta bajen balantzearen ondoren, 223 gaixo (atzo baino bat gehiago) ditu ospitale eta modalitate ezberdinetan; horietatik, 26 zainketa intentsiboetako unitateetan daude.

Azken orduetan, beste bi agerraldi atzeman dituzte Nafarroako zentro soziosanitarioetan: bata, Azkoiengo zaharren egoitzan, eta bestea, Elizondoko Benito Meni zentro psikogeriatriko eta nahasmendu mental larriko zentroan.

Ikuspegi geografikotik, Iruñea eta Iruñerrian izan dira positiboen % 55, eta atzetik daude Tuterako eremua (% 10) eta Lizarra (% 8). Gainerako positiboak (% 27) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Adin-tarteei dagokienez, 30 eta 44 urte artekoak eta 45 eta 59 urte artekoak izan ziren nagusi atzo, biak positiboen % 23rekin; 15 eta 29 urte artekoak, % 22rekin; 14 urtetik beherakoak, % 15ekin;  75 urtetik gorakoak, % 9rekin, eta, azkenik, eta 60 eta 75 urte artekoak, % 10ekin.

Kasu berrien batez besteko adina 38,9 urtekoa da, eta generoari dagokionez, % 54 emakumeak dira eta % 46 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 16.527 pertsona kutsatu eta 564 hil dira.

Ostiral honetan, Azkoiengo konfinamendua zazpi egunez ezartzen duen foru agindua berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, baita beste neurri batzuk ere, hala nola ostalaritzarako, jatetxeetarako eta gizarte eta familia bileretarako murrizketak, COVID-19aren kutsatze kopuru "oso altua" dela eta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Osasunbidea