Gizartea -
Kutsadura
Durangok ohartarazi du bentzeno kontzentrazio maila altuko uneak atzeman dituela
Usain txarraren jatorria aztertzeko egindako ikerketaren arabera, Iurretako bi industriagunetan dago jatorria, eta gainera, bentzeno maila "oso altuko" uneak atzeman dituzte.
agentziak | erredakzioa
Durangoko Udalak ikerketa bat egin du udalerrian duten usain txarra nondik datorren jakiteko, eta ondorioztatu dute Iurretako bi industriagunetan dagoela jatorria. Baina horrez gain, bentzeno maila "oso altuak" atzeman dituzte une batzuetan.
Durangoko udal taldeak, EH Bildu buru duenak, adierazi du bentzeno maila horrek "harritu eta kezkatu" egin dituela.
Izan ere, egindako azterketek ondorioztatu dute udalerrian bentzenoaren maila 700 ug/m3-koa izan dela une batzuetan, eta "araudiak dio batez bestekoa 5ug/m3-koa izan behar dela".
Tolueno eta estireno maila altuko une "kezkagarriak" ere atzeman dituzte eta, bentzenoaren kasuan bezalaxe, baliteke Iurretako industriaguneko erregaien erreketak eragin izana, Udalaren aginduz egindako ikerketaren arabera.
Durangoko Udalak Eusko Jaurlaritzari helaraziko dio txostena, eta iragarri du Ingurugiro Saileko eta Iurretako Udaleko ordezkariekin bildu nahi duela arazoari irtenbidea ematen saiatzeko.
"Hainbeste urtez beste aldera begiratzen zuen Udala eduki ostean (EAJrena), bada usain txarraren jatorria eta arrazoia aurkitzeko garaia", azpimarratu dute Udaletik, egoera konpontzea "lehentasuna" dela aipatu aurretik.